Turismoaren sektoreari laguntzeko 30.000 bonu kaleratuko ditu Jaurlaritzak

Uxue Igarza Loiola 2021ko mar. 22a, 15:56

Besteak beste, bertako txakolina, ardoa, sagardoa, garagardoa, Idiazabal gazta edota Eusko Label produktuak erosi ostean, ostatuak hartzeko bonuak eskatu ahal izango  dira, eta apirilean abiatuko da kanpaina.

Jaurlaritzak aurkeztu duen kanpaina bi fasetan garatuko da. Apirilaren 19an produktuak erosteko epea irekiko da, eta ekainetik aurrera On egin izeneko bonuak eskatu ahalko dira. Zehazki, produktuen erosketetan gastatutako 100 euroko, 50 euroko deskontua lortu ahal izango dute erabiltzaileek turismoaren sektorean erabiltzeko. "Elikaduraren sektorea bultzatu ez ezik Euskadiko egonaldiei lotutako jarduera sozioekonomikoa dinamizatu nahi da", gehitu dute sustatzaileek.

Honako hauek izango dira bonuetan sartuko diren produktuak: Arabako, Bizkaiko eta Getariako Txakolina, Arabako Errioxako Ardoa, Arabako Errioxako Cava Ardoa, Idiazabal Gazta, Euskal Sagardoa, Basque Beer, Euskadiko Ekoizpen Ekologikoa eta Eusko Label produktuak (Behi Haragia, Ibarrako Piparrak, Tomatea, Babarrunak, Letxuga, Oliba Olio Birjina Estra, Baserriko Txerria, Arabako Patata, Gernikako Piperrak, Baserriko Arrautzak, Baserriko Oilaskoa, Esne Bildotsa, Hegaluzea, Hegalaburra, Esnea eta Eztia).

Bonuak lortzeko, hainbat pauso

Lehenengo eta behin, ekimenean parte hartu nahi duten saltokiek eta ostatuek webgunean eman ahalko dute izena, gaur hasi eta maiatzaren 22ra arte.

Bestetik, kontsumitzaileei dagokienez, gutxienez 100 euroko gastua egin beharko dute izena eman duten establezimenduetan. Erosi ondoren, fakturari argazkia atera, webgunera igo eta 50 euroko bonua eskatu beharko dute. Pertsona bakoitzak bere NANaren zenbakiari lotutako bi bonu izango ditu gehienez, eta apirilaren 19tik aurrera egin ahalko dira erosketak. Bestalde, bonuak baliatzeko epea ekainaren 1ean hasiko da, horiek agortu arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak