Etxekoekin ospatu zuen atzo, martxoak 21, bere urtebetetze eguna Benita Arejola-leiba Olabarriak; 100 urte egin zituen. Eta horrelakoetan Udal ordezkariek egiten duten moduan, lore-sorta bat eta koadro bat opari ematera joan zitzaizkion bisitan Izaro Elorza alkatea eta Ongizate saileko batzordeburua, Susana Altuna.
Bergarako Basalgo auzoan jaio zen Benita duela 100 urte. Teodoro Gaztelurekin ezkondu eta Angiozarren "Beko taberna" jatetxea izan zuten urtetan han; 46 urtez, hain zuzen ere. Zerbitzatzen zuten menestragatik zen ezaguna jatetxe hori, arrautzaztatuko osagaiak izaten baitzituen. Urte onak izan arren, lan handia egindako urteak ere izan zirela du gogoan Arejola-leibak. Behin, lorik ez egiteko medikamenturen bat emateko eskatu ei zion Don Karmelo medikuari; lan handia zuten eta ez zuen lorik egin gura.
Telebistako lehiaketak ditu gogoko
Jatetxea itxi zutenean etorri zen Oñatira bizitzera, duela 32 urte, taberna itxi zutenean. Duela 35 urte gelditu zen alargun. Seme bat, Jose Luis, hiru biloba eta lau birbiloba ditu. Semearekin eta errain Begoñarekin batera bizi da Oñatin, familia "extraordinaria"-rekin. Animalia zalea ei da eta txoriak haztea asko gustatu izan zaio, baita loreak zaintzea ere, baina afizio horiek utzita ei ditu azken hamabi urte hauetan. Osasunez ondo dagoela dio eta telebistako lehiaketak ikustea asko gustatzen zaiola.

Egun, Oñatin, bost herritar bizi dira 100 urtetik gorakoak, bostak emakumeak. Zaharrenak 104 urte ditu.
