Fase berrian, bailarakoak igoera gosez daude

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mar. 18a, 10:41

Eskoriatza areto futbol taldea, denboraldi honetako partidu batean.

Debagoieneko areto futbol taldeek igoera faseak hasiko dituzte. Eskoriatzak Bigarren B Mailara igotzeko zortzi jardunaldiko lehiaketa du aurretik. Mondratek eta UDA Aretxabaletak, berriz, Maila Nazionalera salto egitea dute helburu.

Maila Nazionalean ari den Eskoriatza areto futbol taldea Bigarren B Mailara salto egiteko igoera fasea jokatzen hasiko da asteburu honetan. Zortzi jardunaldiko lehiaketa izango dute aurretik, eta asteburuan izango dute lehenengo lehia, etxetik kanpora. Hain zuzen ere, Pasaiako Afantxo Pescados Ferreres taldea izango dute aurkari, 18:00etan.

Igoera fasera begira, asteburu honetako Afantxo Pescados Ferreres taldeaz gain, Antiguoko, Alipendi Zalditxo Araia eta Mahastiak Labastida taldeak izango dira eskoriatzarren multzo berean. Iker Molinaren mutilak ondo prestatuta daude igoera fasea hasteko, eta horixe demostratu dute denboraldi osoan zehar. Orain arteko bidean 25 puntu batu dituzte, eta horiei ahal dituzten guztiak gehitu nahi dizkiete, fase honen amaieran ere lidergoa mantentzeko. Lesioren bat edo beste tarteko, taldea sendo dagoela adierazi du Aratz Kortazar Eskoriatza areto futbol taldeko kapitainak, eta beraien asmoa "partiduz partidu" joatea dela adierazi du, hankak lurrean dituztela. "Amets bat litzateke Bigarren B Mailara igotzea, baina, aukeraren bat izateko, lider bukatu behar dugu fase honetan, eta gero, etorriko den erronka berriari aurre egin".

ARATZ KORTAZAR. ESKORIATZAKO KAPITAINA

"Fase hau izugarri zaila izango da. Zortzi jardunaldi ditugu Maila Nazionaleko beste multzoko lehenengo lau sailkatuen aurka. Joaneko eta itzulerako partiduak jokatu beharko ditugu, eta bigarren B Mailara pasa aurretik, bai edo bai sailkapeneko lehenengo postuan geratu behar dugu. Gure mailan, beste multzokoak baino bi partidu gutxiago jokatu ditugu; beraz, berrikuntza gisa, batez besteko kalkulu bat eginda, puntuatze sistema berdindu egin dute; ulertzeko ez da samurra… Hala ere, horretan pentsatu barik, aurrera egin behar dugu".

Maila Nazionalera begira

Mondratek eta UDA Aretxabaletak ere igoera fasea jokatuko dute, baina Euskal Ligatik Maila Nazionalera igotzea izango dute jokoan fase honetan. Mondrate liderra da 34 punturekin eta Jaixkiareto taldea bigarren postuan geratu da, 28 punturekin. Arrasatearrek lider amaitu duten arren, ezohiko moduan galdu zuten, azken jardunaldian, beraien atzetik amaitu duten Jaixkiareto lezoarren aurka. 3-0 irabazten joan arren, 3-4 galdu zuten sailkapeneko bigarrenaren aurka, baina, joan den asteburuan egindakoak ahaztuta, eta fase berriaren aurrean lidergoan izanda, bigarren faseari ekiteko gogoz daude.

JON ZABALA. MONDRATEKO ENTRENATZAILEA

"Gure helburua sailkapeneko lehenengo lau postuetan geratzea zen, eta lortu dugu; orain, bidea gure ametsa den Hirugarren Maila Nazionalera iristea da, eta gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu".

Aretxabaletaren kasuan, berriz, laugarrenak dira sailkapenean, eta puntu berdinketa hirukoitza lortu dute (26) etapa berri honen aurrean. Hain zuzen ere, Goierri, UDA eta Zirauntza taldeak daude berdinduta, eta hiru talde horietatik bik soilik jokatuko dute igoera: UDAk eta Zirauntzak.

OIER URRUTIA. UDA-KO KAPITAINA

"Kostata bada ere, lortu dugu fase berrirako txartela. Denboraldiaren hasieran ondo aritu ginen, baina larri samar aritu gara azkenaldian. Fase berrian ea nolako taldeak ditugun aurkari, eta ea igoera lortzen dugun".

Mondrateren eta UDAren mailan, igoera fasean, sailkapenean geratzen diren lehen bi taldeak igoko dira Hirugarren Mailara. Hastear da erronka berria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak