Uztailerako eta abuzturako Abaigar, Bernedo eta Goñi etxeetako txanden egunak eta ordutegiak ezarri dituzte dagoeneko. Etxe bakoitzak bere ezaugarriak ditu, antolaketa desberdinak, ohitura desberdinak, adin desberdinak… Hala ere, baloreek elkartzen dituztela hiru etxeak adierazi dute Euskal Udalekuen ordezkariek: "Euskara eta natura ideiez gain, balore gehiagok elkartzen gaituzte. Jolasa, elkarlana, uda, harremanak, alaitasuna, aniztasuna, dinamikotasuna… Etxe bakoitzak bere erara, baina ideia horiek ditu oinarrian. Beraz, esan dezakegu, ideia horiek elkartzen diren lekua dela Euskal Udalekuak, hiru etxeek elkar topatzen duten lekua eta elkarlanaren bidez aurrera doana. Ideia hori interpretatzeko forma sinple irregularrak erabiliko ditugu. Geometria soila, baina era dibertigarrian adierazita. Forma anitzak erabiliko ditugu, baina forma nagusia etxe bakoitzari lotutakoa izango da. Hau da, etxe bakoitza forma sinplifikatu batekin harremanduko dugu. Bestalde, koloreek ere garrantzia izango dute irudian zehar. Etxe bakoitzak kolore bat izan arren, Euskal Udalekuek kolore nagusi bat izango dute, hiru etxeek elkar topatzen duten lekua.

Aurten, lehenengoz, gainera, Euskal Udalekuen abestia grabatu dute, eta martxoaren 22an plazaratzen saiatuko direla adierazi dute Euskal Udalekuen ordezkariek.