UDA Mondra baino askoz gehiago, eta Zaitegiren pokerra (5-0)

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko mar. 13a, 19:27

UDAren eta Mondraren arteko derbiak izen propiorik izan badu horixe Aretxabaletakoen Julen Zaitegi aurrelari arrasatearra izan da. Lau gol egin ditu aurten 36 urte egingo dituen aurrelari beteranoak: "Entrenamenduetan ere ez ditut horrenbeste gol egiten... Oso pozik nago, futbolaz gozatzen". Gainerakoan, UDA Mondra baino askoz gehiago izan da arlo guztietan; derbia merezimendu osoz irabazi dute aretxabaletarrek.

Hasieratik nagusitu da UDA eta Zaitegik lehen gola egin ostean, 22. minutua zela, hiru aldaketa egin ditu Mondrako entrenatzaile Asier Olaizolak aldi berean. Iraultza bilatzen zuen Olaizolak baina kontrako efektua lortu du eta bi taldeen arteko desoreka nabarmendu baino ez da egin. Zaitegik bigarrena penaltiz egin ostean, 2-0koarekin heldu da derbia atsedenaldira.

Astelehenean, 21:30etik aurrera, Harmailatik saioan ikusi ahalko da laburpena, UDAko Julen Zaitegiren eta Mondrako Aritz Ezpeletaren balorazioekin.

Bigarren zatian ildo beretik jarraitu du norgehiagokak, Mondrak ez du-eta erreakziorako inongo gaitasunik erakutsi eta are nabarmenagoa izan da UDAren nagusitasuna. Hirugarren eta laugarren golak ere Zaitegirenak izan dira eta laugarrena egin eta segundo gutxira, atzealdean egindako akats nabarmen bategatik, bosgarrena egin dute etxekoek penaltiz. Mondra noraezean zebilen, etsita, eta esan daiteke hurrengo ia ordu erdia soberan geratu zaiola derbiari. Amaieran, UDA 5, Mondra 0.

Mondrako Iker Sanchez baloiarekin, derbiko une baten.

Amaieran, bereziki pozik zegoen UDAko aurrelari Julen Zaitegi: "Ez dakit sekula lau gol egin ditudan... Entrenamenduetan ere ez ditut horrenbeste egiten. Oso pozik nago, futbolaz gozatzen ari naiz".

Txanponaren beste aldean, aldiz, Mondrako atezain Aritz Ezpeleta: "Hausnartu egin beharko dugu, gaur oso maila eskasa eman dugu-eta. UDA askoz gehiago izan da; halakoetan, autokritika egin eta arerioa zoriondu besterik ez dago".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak