XIV. Huhezinema jaialdiari ekiteko gertu

Mirari Altube Arrese 2021ko mar. 13a, 11:00

Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Fakultateko ikasleek Arkupe izango dute topagune martxoaren 17an eta 18an; hamalaugarren jaialdirako sailkatutako film onenak erakutsiko dituzte bi egunetan, eta bukaera emateko sariak banatuko dituzte.

Euskal film laburren hamalaugarren jaialdia hastear da. Mondragon Unibertsitateko Ikusentzunezko Fakultateko ikasleek azken kontuak lotu dituzte egunotan, eta gogotsu daude datorren astean filmak erakutsi eta sariak banatzeko.

Epaimahaia, osatuta

Eguaztenean, hilaren 17an, MU Saileko filmak erakutsiko dituzte Arkupen (15:00-18:30); Mondragon Unibertsitateko ikasleek egindakoen artetik hautatutako hamar film onenak hain zuzen ere. Hasteko, Begia Begi Truk film laburraren sortzaileek hitzaldia emango dute; aurreko edizioan Ogeita4 enpresak babesten duen MU Saileko Argazki Onenaren sariaren irabazleak izan zirenak.

Eta eguenean, martxoaren 18an, Sail Ofizialerako hautatutako beste hamar filmak (15:00- 18:30). Ondoren, sari banaketa ekitaldia etorriko da (19:00-20:00). Arkupeko edukiera mugatua izanik –50 lagunendako lekua dago–, streaming bidez ere emango dute jaialdia Huhezinemaren webgunean: huhezinema.eus.

Epaimahaia dagoeneko lotu dute, eta zinemaren bueltan eskarmentu handia duten lau lagun izango dira film onenak hautatuko dituztenak: Aizpea Goenaga (Donostia, 1959) aktore eta zuzendaria; Arantza Santesteban (Iruñea, 1979) ikertzaile, hezitzaile eta zuzendaria; Erika Olaizola (Azpeitia, 1989) aktorea; eta Irati Crespo (Errenteria, 1996) Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua. Lau horiek online hartuko dute parte.

Nobedadeen artean, Komedia saria dago; umore ukitua duten filmak txalotzea da asmoa. Mundukide saria –giza eskubideen eta justizia sozialaren gaia egokien txertatuta dituen film laburra– eta Vertigo saria –MUko ikasleek osatutako epaimahaiarena– ere banatuko dituzte, beste urte batez. "Film asko jaso ditugu. Sail Ofizialerako, 73, eta oso ezberdinak. Esperimentalak dira asko", adierazi du antolatzaile taldeko Nerea Alonsok.

Masterclass bi

Masterclassak ere antolatu dituzte egunotarako. Martxoaren 17an, eguaztenean, (10:00-13:00) Binahi Kasting agentziak eskainiko du bikoizketa eta casting zuzendaritzaren gainekoa. Eta eguenean, (10:00-13:00) IXA taldeko kideek telefono mugikorrerako euskaraz egindako lehen websaila zelan sortu zuten azalduko dute eta argibide guztiak eskaini, besteak beste, erabilitako teknikak eta formatu bertikalaren nondik norakoak.

Egindako lana borobildu

Kultur ekitaldien antolaketa ikasgaiaren ikasleek "lan handia" dagoela jaialdiaren atzean diote eta hori borobildu gura dute: "Dirua lortzea kosta egin da; izan ere, ezjakintasun egoera honetan ezezko asko jaso dira. Baina aurrera egin dugu", dio Alonsok, eta gaineratu: "Gainera, jaialdia Arkupen bertan ezingo dute jarraitu gura duten guztiek, baina bai online bidez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak