Eukene Barrenetxea: "Kultura berriak eta eraldaketak ez dira soilik goi mailako politiketatik suspertzen"

Miren Arregi 2021ko mar. 12a, 11:36

H-Enea Living Lab-eko koordinatzailea da Eukene Barrenetxea, bai eta Birgaitzen proiektuko arduraduna ere. Azken hori H-Eneak eta Debagoiena 2030 ekimenak elkarlanean garatuko dute.

H-Eneako langile zaitugu. Zer da H-Enea Living Lab?

H-Enea Living Lab ACEDE Etxe Kluster-en barne dagoen ekimen bat da. Etxeko eremuan gertatzen diren berrikuntzak eta hobekuntzak aztertu eta gizarteratzen ditugu.

Egiten dituzuen gauzen artean baduzue etxeen birgaitzearekin loturiko proiektu bat, D2030ekin elkarlanean landuko dena. Zertan datza?

Birgaitzen proiektuaren helburua, etxeetako konforta prezio eskuragarrien truke hobetu daitekeela gizarteratzea da.

Eta beraz, zertan datza proiektuak?

Etxebizitzetan gertatzen diren C02 isurketen parte esanguratsu bat etxeko berokuntzan gertatzen da. Izan ere, etxea berotzea etxeko energia kontsumoaren %47 da. Hala, proiektu honekin, herritarrak animatu gura ditugu prezio eskuragarrietan efizientzia energetiko hori hobetzera.

Zein onura izango lituzke erabiltzaileak? Zertan eta nola igarriko luke?

80ko hamarkada hasierara arte eraikitako etxeek ez daukate isolamendurik. Etxeak arinago hozten dira neguan, abrigoa falta zaielako. Hormaren erdian aire-ganbera bat dutenek barnean isolamendua sartzeko aukera ematen dute, eta, horrela, etxeko beroa hobeto mantentzen da neguan, eta freskoa udan. Isolamendu hau banakako etxebizitzetan egin daiteke; hortaz, bizilagun erkidegoaren baimenik gabe egin daiteke. Hamar etxebizitzako erosketa kolektibo bat antolatzen badugu, prezioak dezente jaisten dira. Bestalde, inbertsioa egiteko zailtasun ekonomikoak dituztenentzat – pentsio baxudun alargunak, adibidez– finantzaketa formulak aztertuko ditugu eta ahalbideratzen ahaleginduko gara.

Bergaran eta Antzuolan hasiko duzue proiektua. Zertan datza martxan jarriko duzuen hau?

Bai, Bergaran hasiko gara, Bolua auzoan; martxoaren 24an lehen saio informatiboa egingo dugu eta Aste Santu ostean Antzuolan jarriko gara martxan. Arrasaten hasi genuen lehenengoz proiektua, eta hiru urtean zehar Arrasate, Aretxabaleta, Oñati eta Eskoriatzako biztanleek hartu dute parte.

Zergatik Boluan?

Bolua auzoak 2.000 biztanle ditu, gutxi gorabehera. Etxebizitza asko 1976 eta 1980 artean eraiki ziren. Hormetan ganbera bat daukate; hortaz, isolamendua sartzeko aukera. Baina garrantzitsuena auzo elkarte bat daukatela da, prozesu honetan aktiboki parte hartzen ari dena.

Zein baldintza behar ditu etxebizitzak?

Erdian ganbera hutsa duten hormak edukitzea, isolamendua sartu ahal izateko. Obra egiteko ez da etxebizitzako bizilagunen erkidegoko baimenik eskatu behar.

Zenbat animatzea da zuen helburua?

Hogei bat pertsona hurbiltzen badira bilerara eta horietako hamar animatzen badira, erosketa kolektiboa antolatu daiteke, prezio ona lortzeko. Zailtasun ekonomikoak dituztenentzako aukerak bilatu nahi ditugu; beraz, egoera honetan daudenak etortzera animatzen ditugu. Joan den urtean, adibidez, hiru alargunentzako %100eko finantzaketa lortu genuen.

Beraz, zer egin behar luke interesatuak?

Martxoaren 24an, Bergarako Boluko frontoian, arratsaldeko seietan elkartuko gara. Animatu gura nituzke auzotarrak bertan parte hartzera.

Gizartea –herritarrak, enpresak...– ari dira trantsizio energetiko honen kontzientzia hartzen? Zertan igartzen duzue?

Egoera aldatzen ari da. Jasangarritasun energetikoaren legeak energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko neurriak jarri ditu eta erakunde publikoak eta enpresak martxan jarri dira. Baina, horretaz gain, CO2a murrizteko kultura suspertu egin behar da, D2030 Plataformak aldarrikatzen duen bezala.

D2030 ekimenaren laguntzarekin garatuko den proiektu bat da Birgaitzen. Zein garrantzi du geroz eta eragile gehiago izatea norabide berean lanean dabiltzanak?

Garrantzi handia dauka honek. Kultura berriak, ekintza berritzaileak eta eraldaketak ez dira bakarrik goi mailako politiketatik suspertzen. Ekintza komunitarioetatik ere bai. D2030 ekimenak berrikuntza inklusiboa kontuan hartzen du, Birgaitzen proiektuak bezala.

Bestelako zein lanekin ari zarete H-Eneatik?

Etxebizitzetan energia kontsumitzaile izateaz gain, energia garbiak ekoiztera joan behar dugula uste dugu. Energia fotovoltaikoaren bidez energia produzitzeko aukera daukagu. Norberaren etxeko edo etxebizitza bizilagun erkidegoko kontsumoak produzitzeko aukera dagoela gizarteratu nahi dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak