Arrasate-Udalatx ez, eta Aloñako Igoera kolokan

Xabier Urtzelai 2021ko mar. 12a, 15:30

Korrikalariak Arrasate-Udalatx lasterketaren lehenengo kilometroetan, artxiboko erretratu batean.

Mondraitz taldeko lagunek gaur, egubakoitza, eman dute aditzera bigarren urtez jarraian bertan behera utziko dutela proba. Aloñako Igoerakoek ez dute behin betiko erabakirik hartu: "Baina ia segurua da apirilean ez dugula antolatuko".

Iazko lepo beretik datoz aurten ere gauza asko. Eta horietako bat da lasterketa asko eta asko 2021eko udaberri honetan, behintzat, bertan behera uzten dabiltzala. "Akaso, izango da beste lehentasun batzuk daudelako, baina antolatzaile gehienoi gertatzen zaiguna da inork ez duela garbi esaten pandemia egoera honetan mendi lasterketa bat antolatzeko ze baldintza bete behar diren, eta, egoera honetan, edozer antolatzeko gogoa kentzen zaigu denoi", dio Aloñako Igoera antolatzeko ardura duenetako batek, Pablo Arejolaleibak.

Eta ildo beretik mintzatu dira Mondraitz kirol klubeko lagunak ere. Oñatiarrek oraindik ez dute azken erabakia hartu, baina arrasatearrek bai, 2021ean ez da Arrasate-Udalatx lasterketarik egongo: "Tamalez, oraindik egoera kezkagarria da, eta, azken aste hauetan lasterketa egiteko aukerak aztertzen ibili ondoren, 2021ean lasterketa ez egitea erabaki dugu. Apiril honetarako ekintza berezi bat egin nahi dugu, birtuala izango da, baina ez da lasterketarik izango. Oraindik ere zuhurtziaz eta arduraz jokatzea dagokigula uste dugu. Etorriko dira garai hobeak, eta momentua heltzen denean gogotsu helduko diogu lanari", adierazi dute.

Hala, arrasatearrek zehaztu dute datorren urteko izen-ematea zabaltzen dutenean aurreko urteko irizpideak mantenduko dituztela. Alegia, izena emanda duten guztiek lehentasuna izango dute 2022an. Ezohiko izen emate prozesu bat zabalduko dute eta 2020an dortsala zutenek aurretiaz izena emateko aukera izango dute. Horrekin batera, ekintza bereziren bat egingo dute, modu birtualean, baina oraindik ez dute zehaztasun gehiagorik eman.

Oñatiarrek ez dute erabaki

Egutegian, Aloñako Igoera Arrasateko lasterketaren ondoren etorri ohi da, baina 2021 honetarako antolatzaileek oraindik lasterketako data zehaztu gabe zuten. Eta Arejo-k onartu dio GOIENAri oraindik behin betiko erabakia hartzeko dutela: "Egoera honetan, gure artean batzartzeko ere arazoak izaten ditugu, pentsa... Ia segurua da apirilean ez dugula lasterketarik egingo, baina ikusteko dago lasterketa 2022ra atzeratuko dugun ala uda partean beste saiakera bat egiten ahaleginduko garen. Izan ere, akaso, egoera dezente hobea izango da orduan. Baina posible da denbora tarte batean lasterketak betiko formatuan antolatzeko aukerarik ez egotea, ikusiko da...".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak