Aurtengo edizioak 537 ipuin bildu ditu, eta ipuin lehiaketan emandako 6 ediziotan izandako parte hartzerik handiena lortu dutenez, "oso pozik" daudela adierazi dute. Libreak ez ausartak lelopean antolatu dute aurtengo lehiaketa, eta berdintasunaren aldeko jendartea bultzatuz, epaimahaiak bereziki baloratu ditu indarkeria matxistaren aurkako borroka ikuspuntu positibo batetik islatzen duten ipuinak.
Bi izan dira irabazleak helduen kategorian, Saioa Varela oñatiarraren Azken erabakia ipuina eta izenbururik ez duen Miguel Paz Cabanasena. Hala ere, Asun Casaola lehikaetak gazte kategorian lortu duten parte hartzearekin "bereziki pozik" daudela azpimarratu dute: "Gazteen gaztelerazko kategorian 63 ipuin jaso ditugu eta 110 euskarazkoan. Urteak pasa ahala, ikastetxeak lehiaketa honekin duten atxikimendua handitzen eta sendotzen ari direla eta euren proiektu kurrikularraren barnean kokatzen ari dutela dirudi".
Sari banaketa datorren ostegunean, martxoaren 11n egingo dute, 19:00etan, Irungo Oiasso Museoko tabernan. Aurreko edizioetan bezalaxe, ipuin irabazleak irakurriko dira ekitaldian, eta epaimahaikideak, irabazleak eta Asun Casasola bera ere bertan izango da.