Debagoieneko Mankomunitateak antolatuta, otsailaren 6an sentsibilizazio kanpaina bat jarri zen abian, ontzi arinekin batera pilatzen diren hondakin ezegokiak gutxitzeko helburuarekin. Mankomunitatetik emandako datuen arabera, orain arte 288 herritarrek parte hartu dute kanpainan: 197 herritar izan dira informazio puntuetara hurbildutakoak eta 75 tailer zein egitasmoetan parte hartu dutenak. Horiez gain, 16 herritarrek egin dute online ekarpenen bat, hondakin inpropioen kopurua murrizteko ideiak emanda.
150.000 euroko galera
Jakinarazi dutenez, ontzi arinen bilketan topatzen diren hondakin ezegokien edo inpropioen kopuruak, ingurumen kalteez gain, azken bi urteetan 150.000 euroko galera eragin dio Mankomunitateari. Datorren zapatutik hasita, zapatuero saioak izango dira Elgetan, Oñatin, Eskoriatzan eta Leintz Gatzagan, hurrenez hurren.