Mondrak eta Bergarak derbia jokatuko dute bihar Mojategin

Hasier Larrea 2021ko mar. 5a, 12:30

UDAk ez du asteburu honetan jokatuko; saskibaloian, berriz, MU liderrak bigarren sailkatuari egingo dio bisita. Arizmendi boleibol taldeak Aretxabaletan jokatuko du, eta Ordizia-Arrasate errugbi taldeak, berriz, Ordizian.

Mahoneroek eta sarrailagileek egutegian gorriz markatutako egun horietako bat biziko dute bihar arratsaldean, 16:30ean, Mojategiko futbol zelaian. Oraingo honetan, baina, zaleen berotasuna faltan sumatuko dute jokalariek. Ligako bina partidu jokatuta, lau puntu batu dituzte bergararrek; bakarra, ostera, arrasatearrek. Biek ala biek aukera polita izango dute, beraz, play-off postuen borrokan aurrerapauso bat emateko.

Mondrak, gainera, beste derbi bat jokatuko du datorren asteburuan, aretxabaletarren aurka neurtuko baititu indarrak, Ibarrako zelaian.

Boleibolari dagokionez, denboraldiko hamalaugarren norgehiagoka jokatuko du Arizmendi taldeak zapatu arratsaldean, 17:30ean hasita, Ibarrako kirol-degian. Aurrean postu bat gorago dagoen Beco Laredo taldea izango dute jokalariek.

Etxean jokatuko dute, baita ere, Arrasate-Ordizia taldeko errugbilariek, baina ez Mojategin, Ordiziako Altamira zelaian baizik. Ligako lehen garaipena eskuratzera aterako dira bihar, 18:30ean, Atletiko San Sebastian-Hernani taldearen aurka.

MU, lidergoa sendotzera

Joan den astean Solaresi etxean 85-79 irabaztetik abiatuko dira Iruñera Mondragon Unibertsitateko saskibaloi jokalariak, domekan jokatuko baitute, arratsaldeko seietan, Megacalzados Ardoiren aurka. Lehen postua are eta tarte handiagoaz egonkortzeko aukera izango du Ointxe!-ko taldeak, momentu honetan hiru puntu ateratzen baitizkie nafarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak