Zaintza profesionalizatuen sektoreko greba deitu dute eguenerako

Aitor Martinez 2021ko mar. 3a, 12:49

Ostegun honetan, martxoak 4, zaintza esparruko hirugarren greba eguna deituta dago. Eusko Jaurlaritzaren jarrera kritikatuz, gaur egungo zaintza-eredua aldatu behar dela adierazi du ELAk prentsa ohar baten bitartez.

Zaintzaren sektore publiko baten alde egiten den lehenengo mobilizazioa azaroaren 17an izan zen, bigarrena urtarrilaren 26an, eta biharkoa hirugarrena izango da. Erakunde, plataforma eta kolektibo feminista desberdinen babesa lortu du ELAk, honako hauena besteak beste: Gipuzkoako Senideak, Babestu Bizkaia, Babestu Araba, pentsiodunen plataformak, Itaia, Irauli Zaintza eta Malen etxea. 

Gaur egungo ereduak bizi baldintza duinak bermatzen ez dituela azpimarratu du ELAk, ez langileentzat, ez eta erabiltzaileentzat ere. "Urteak daramatzagu arazo hau mahai gainean jartzen, eta Eusko Jaurlaritza bezalako erakundeak urteak daramate beste alde batera begira. Martxoaren 8an ahoa betetzen zaie hitz politez baina egunerokotasunean eta COVID pandemiaren aurrean langileak bakarrik uzten dituzte" adierazi dute prentsa oharrean. 

Lanera beldurrik gabe joatea bermatzen duen sistema bat defendatzea ezinbestekoa dela aldarrikatu du ELAk, eta sistema publiko duin batek izan behar dituen ezaugarriak hauek direla nabarmendu dute, besteak beste: Genero-arrakala ezabatzeko benetako neurriak dituen sistema, zaintza hurbileko eta goxoa eta  langileentzako erreparazio emozionalerako plan bat bermatuko duen sistema.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak