Enrique Monasterio: "2050ean sektore elektrikoan sortuko den energiaren %100 izango da berriztagarria"

Miren Arregi Amasorrain 2021ko mar. 2a, 09:24

Debagoiena 2030 ekimenak energia trantsizioaren inguruan antolatu duen online saioan parte hartuko du Monasteriok, bihar, eguaztena. Energiaren Euskal Erakundeko berrikuntza zuzendaria da bera.

EAEko energia estrategiak proposatu eta helburu horiek lortzeko sustapen lanak egitea da Jaurlaritzaren baitako Energiaren Euskal Erakundearen egitekoa. Enrique Monasterio da erakundeko berrikuntza eta garapen zuzendaria.

- Trantsizio energetikoaz hitz egiten dugu. Trantsizio hori noiz hasi zen eta zein puntutan gaude eboluzio horretan?

Kontzeptua orain jarri da modan, baina trantsizio energetikoa duela urte asko hasi zen. EEE sortu zenean, esaterako, 1982an, Euskadiko estruktura energetikoak ikatzaren presentzia handia zuen. Gasa ez zen existitzen, eta berriztagarriak ia inork ez zituen ezagutzen. Harrezkero, ikatza desagertu egin da, gasak presentzia handia hartu du eta berriztagarriak gero eta gehiago dira. Hori ere trantsizio bat zen, baina, ez diogu inoiz horrela deitu. Orain, beste batean gaude. Egia bada oso desberdina eta indartsua dela, eredua aldatzeraino.

- Trantsizio horren bukaera noizko aurreikusten da?

Helburua da %100 berriztagarria izango den gizarte bat izatera iristea. Sektore elektrikoan 2050erako dena izango da berriztagarria. Pentsa, Iberiar penintsulan sektore horretan sortzen den energiaren %50 iturri berriztagarrien bitartez egiten da dagoeneko. Erronka dago gainontzekoan, erregai fosilak erabiltzen diren tokian, hau da, gas naturala edo petrolioa erabiltzen den eremuetan. Garraioa ere erronka handia da.

- Eredu energetiko berriaz dihardugunean, zertaz ari gara?

Badakigu CO2 emisioak ekidin egin behar ditugula, eta, noski, helburua hori denean argi dago ezin dugula erregai fosilik erabili. Horren alternatiba iturri berriztagarriak dira. Aerosorgailuak, fotovoltaikoak, itsasoko energia… Gertatzen da horiek guztiek elektrizitatea sortzen dutela eta behartuko gaituela dena elektrifikatzera. Eta hain zuzen ere, hori bai da eredu aldaketa bat.

- Zein ondorio ekarriko ditu?

Ba, nik diesel auto bat baldin badut, ia segurtasun osoz elektrifikaziora jo beharko dudala. Eta berdin etxeko berogailuarekin edo industria alorreko erabileretan, nahiz eta arraroa egiten zaigun. Aldaketa horretan gertatzen dena da berriztagarriek gura dutenean sortzen dutela, eta hori egokitu egin beharko da. Hor egongo da, batetik, jendearen ohiturak aldatu beharra, edo energia hori gorde beharra, behar handiko momentuetan biltegiratutako hori erabil ahal dezagun.

- Eta hori posible da?

Bai; biltegiratzeko modu bat hidrogenoa da. Europa hegoaldeak energia fotovoltaiko sorkuntza altua izango du, eta sorkuntza horrek akats bat du; beti aldi berean sortzen duela. Gerta daiteke behar dena baino askoz sorkuntza handiagoa izatea eguerdiko hamabietan, esaterako. Sobera geratzen den elektrizitate hori hartu eta hidrogeno bilakatu dezakegu. Hidrogeno horrekin estrategia desberdinak garatu genitzake. Bat da berriz ere elektrizitatea sortzeko erabiltzea, horrenbesteko sorkuntzarik ez dagoen orduetarako, eta beste bat da erregai bezala erabiltzea ibilgailuetan edo gaur egun gas naturala erabiltzen duten industrietan, esaterako.

- Badirudi erakundeak kezkatuta daudela gaiarekin.

Europak dituen planak ez dira soilik aldaketa klimatikoarengatik. Europak posizio geoestrategiko bat ere bilatzen du honekin, izan ere, sekulako dependentzia dauka beste herrialde batzuekiko energiari dagokionez, eta, hain zuzen, dira horien gaineko inolako kontrolik ez duten herrialdeak. Errusia, Persiar golkoa... eta horien mehatxuen aurrean oso ahula da. Hortik dator baliabide energetiko propioak sortzearen arrazoia.

- Gure bailara ez da aberatsa errekurtso naturalei dagokienez. Lortuko dugu Europak ezarritako helburuak betetzea?

Hemen akatsa da pentsatzea Europak ipintzen dituen helburu horiek lurralde txikietarako ere berdinak izango direla. Hau da, Europak helburu bat ipintzen duenean Europa mailan ipintzen du, ez tokian toki. Eta hor ezin dira konparatu Luxenburgo edo Espainia, esaterako. Bizkaian eta Gipuzkoan daukagun errekurtso berriztagarria da biomasa. Errekurtso berriztagarria da, eta baliozkoa. Pentsatu beharko dugu baita ere zer egin fotovoltaikoarekin. Edo daukadan gutxi hori aprobetxatu eta etekina atera, edo kanpoan erosi. Eta hor dago, hain zuzen ere, debatea. Nik nahiago dut hemen sortzea, porru batzuk jan gura baditut nahiago dudalako nire ortuan landatuak izatea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak