"Hiru foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jarduera-protokolo bat landu eta adostu dute adinekoen eta desgaitasuna dutenen egoitza-zentroetako bisitei eta irteerei dagokienez; izan ere, zentro horietako egoera "nabarmen" hobetu da azken asteetan, alde batetik, erabiltzaileen eta langileen txertaketaren ondorioz, eta, bestetik, komunitateko egoera epidemiologikoak bilakaera ona izan duelako" azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar bidez.
"Gutxieneko kontaktuak ezartzeko erabakia hartu da; izan ere, egoerak ahalbidetzen badu, bisitak eta irteerak egunero egin daitezke. Gainera, orain arte pertsona bakarra sar zitekeen, eta protokolo horrek bi pertsona aldi berean izatea aurreikusten du, eta ez dute beti berberak izan beharko" adierazi du Aldundiko Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak.
Protokoloan planteatzen diren baldintza berriak etenda geratuko lirateke egoitza dagoen udalerriak 100.000 biztanleko 500 kasutik gorako 14 eguneko intzidentzia metatua gainditzen duenean. "Gipuzkoaren kasuan, irteerak lurraldeko egoitza guztien ondoan sortutako gune seguruetan egiten jarraituko lirateke, paseo horiek modu seguruan eta kontrolatutako gune batean egitea ahalbidetzen dutelako", azpimarratu du Maite Peñak.