Liga hasiera txarra zuzendu du UDAk (4-1)

Xabier Urtzelai 2021ko ots. 28a, 11:29

Aretxabaletak erraztasunez irabazi dio gaur Urolari. Hala, joan den astean Eibar moduko kontrario gogorraren kontra galdu eta gero zalerik gabeko Ibarra futbol zelaian eman dio buelta egoerari. "Halako partidu baten beharra geneukan, play off-etan egon nahi dugulako, baina zaleen hutsunea asko igartzen da, bai", adierazi du partidu amaieran Larburu entrenatzaileak. Mondrak, berriz, 0-0 egin du Deban, Amaikak Baten zelaian.

Garaipen beharra zeukan Aretxabaletak. Urrian, ligako jardunaldi bakarra jokatu zutenean Larbururen mutilek 3-3 berdindu zuten Mutrikuren kontra, eta joan den astean Unben galdu eta gero atzeko postuetan murgildu ziren aretxabaletarrak. Ez zen liga hasteko modu ona, kontutan izanda playoff-etan izango diren lau talde onenen artean egoteko ezin dela askorik barkatu. Baina gaur, Ibarran, oso partidu serioa egin dute aretxabaletarrek, ondo jokatuta, gainera. Lehenengo 20 minutuak nahikoa izan dira partidua, neurri handian, bideratuta uzteko, eta hor Unai Beloki eskoriatzarra izan da protagonista, bereak izan dira-eta bi golak. 

Bigarren zatia hastearekin batera Urolak estutu du apur bat, eta UDAko entrenatzaileek ez erlaxatzeko eskatzen zieten jokalariei. Eta orduan etorri da Urolaren esperantza guztiak zapuztu dituen Zaitegiren gola (3-0), eta ez da arratsaldeko bakarra izan. Izan ere, 4-0ekoan burukada ederrarekin utzi du Arrasateko aurrelariak partidua erabat erabakita. Hala, Urolak 4-1ekoa egin du jokaldi nahasi batean, ordurako aretxabaletarrak ere erlaxatzen hasita zeudenean.

Bada, datorren asteko atsedenaldira lasai joateko moduko garaipena batu dute UDAkoek, izan ere, bi aste barru derbi erakargarria jokatuko dute Mondraren kontra.

Aretxabaletaren hamaikakoa:  Iker, Iban, Ibai, Illarra, Aitor, Danel, Josu, Zaitegi, Urzelai, Beloki. Ordezko moduan egon dira: Letona, Baztan, Adrian, Txino, Jon, Mikel, haritz.

Urolaren hamaikakoa: Alonso, Badiola, Elizburu, Erostarbe, Igor, Asier, Mujika, Pastriain, Viedma, Zabala. Ordezko moduan egon dira: Mediavilla, Nuñez, Tapiador, Nabil, Isasa eta Lazaro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak