Estigmak apurtzeko hitzaldia eman du Ismaila Bojang ganbiarrak gaztetxean

Hasier Larrea 2021ko ots. 27a, 14:06

Ismaila Bojang Arrasateko gaztetxean, gaur.

'Afrika ez da historia bakarra' hitzaldia eskaini du Ismaila Bojang gaur eguerdian gaztetxean. Jatorriz ganbiarra, mekanika ikasten ari da gaur egun Bergarako Miguel Altuna institutuan, eta ekonomia ikasketak ere ditu.  

Bere herrialdeko lagunek ea zertarako ikasten duen galdetzen diotela azaldu du, "bankuan edo autobusak konpontzen lan egiten duen beltzik" ezagutzen al duen argudiatuta: "Klasean nagoenean zalantzak ditut, ea merezi duen egunero lan egitea, ondoren ez badakit non amaituko dudan".

Europan sozialki maila ona lortu duten lagunak dituela gaineratu du, horiek ere arrazismoa sufritzen dutela salatuz: "Londresen lagun afrikar bat daukat, lan  egin eta aberats bihurtu dena. Autoarekin doanean edo dendatan erosten duenean jendea harritu egiten da beltza delako. Ez al dugu ondo bizitzeko eskubiderik?".

Era berean, "amorrua" ematen dio komunikabideek Afrikari buruz "goseaz eta animaliez bakarrik" hitz egiten dutelako. Are gehiago, afrikarrek pasatzen duten gosea  "ziur aski europarrek sortutako gerra batek eraginda" izaten dela azaldu du: "Toki gehienetan badago janaria, nekazaritzatik bizi garelako".

Ganbian bizitza sozial "ona" daramatela adierazi du: "Bizilagun guztiok ezagutzen gara elkar, oso irekiak gara, festetara edonor etor daiteke, berdin dio patrika beteta duen edo ez". Europan bezala, txikitatik heziketa bat jasotzen dutela aipatu du, eta ez duela ulertzen "zergatik sentitzen diren txuriak beltzak baino hobeak, ezagutzen ez bagaituzte?". 
Gaztetxeko kideei eta entzuleei eskerrak emanez amaitu du hitzaldia, eta entzuleek ere eskerrak eman diote bere bizipenak "hain modu naturalean" kontatzeagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak