Debagoiena zeharkatuko du Euskal Herriko Itzuliak apirilaren 8an

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ots. 26a, 13:20

Iaz, zaleak Gorlan txirrindulariak animatzen.

Gaur aurkeztu dute Itzulia Basque Country 2021eko ibilbide ofiziala. Lasterketaren 60. edizioa banakako erlojupeko batekin hasiko da Bilbon apirilaren 5ean eta Arraten izango du amaiera, 10ean. Apirilaren 8an Debagoiena zeharkatuko du Gasteizetik Deskargarantz; zapatuko azken etapan, Ondarroa-Arrate, berriro pasako da eskualdetik, Bergara aldetik, Elosuko (Gorla) gaina igaroko du-eta.

Lasterketa apirilaren 5etik 10era egingo da, 797,6 km zeharkatuz. Ibilbide berri honek iazko ediziorako aurkeztu zena oinarritzat dauka, baina etapen ordena aldatu da eta herri berriak agertzen dira profiletan.

Aurtengo edizioa hasteko erlojupekoa prestatu da Bilbon zehar, 13,9 kilometroko luzerarekin. Estreinaldiko egunetik lasterketako indartsuenak agerian geratuko dira.

Bigarren etapak, 154,8 kilometro, Zallan izango du abiapuntua eta Bizkaitik ibiliko da, Kantabria eta Gaztela-Leongo mugetatik gertu, Sestaon amaitu arte.

Hirugarren jardunaldiak bere horretan mantentzen du iazko proposamena, hau da, Amurrion hasi eta Laudioko Ermualde mendatean bukatu. Etapa aproposa da sailkapen orokorrean aldeak egiteko.

Debagoienetik, apirilaren 8an

Etaparik luzeenak, 189,1 kilometro guztira, Gasteiz eta Hondarribia lotuko ditu. Debagoienetik igaroko da, Deskargako mendatea gaindituz. Helmuga gipuzkoar herriko hondartza parean izango den arren, amaiera zorrotza izango da, Jaizkibelera eta Erlaitzera igoerak tartean.

Bosgarren etapak, Hondarribian hasita, gipuzkoar kostaldea zeharkatuko du Ondarroara heltzeko. Bertan txirrindulariek hiru mendate gaindituko beharko dituzte helmugara heldu baino lehen.

Gogorrena amaierarako

Seigarren, eta azken etapa, Ondarroatik Arratera doanak, zazpi mendate puntuagarri ditu, 111,9 kilometroko ibilbidean. Horien artean, Elosuko gaina, Bergaran. Apirilaren 10ean, zapatuan, izango da hori. Irabazleak besoak Arraten altxatzeko aukera izango du, Itzuliaren tokirik ikonikoetako batean hain justu ere.

Nafarroarik gabeko itzulia

"Aurtengo ibilbidearen xedea, ahal den neurrian, pertsonen mugimenduak ekiditea izan da", adierazi dute aurkezpenean. "Ez da komeni lasterketaren burbuila gehiegi mugitzea, kutsatze arriskua txikitze aldera. Nafarroatik pasa gabe bada ere, Itzuliak duen mailako ikuskizuna izango dugu, nazioartean ospe gehien duen lasterketako bat da eta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak