EITBko administrazio kontseiluko bileran eman dute, gaur, taldearen izendapen guztien berri. Unai Iparragirre Torres (Arrasate, 1973) izendatu dute ETBko zuzendari, Edu Barinagaren ordez. Telebistako lehen pausoak Arrasate Telebistan eman zituen Kukaratxa motel saioan. Ondoren Jaiak, Superbat, Galdestreet eta Egun ero saioak aurkeztu zituen ETBn, besteak beste. 2005etik Discovery katearentzat egin du lan, Londresen. Discovery-ko produktuak garatu eta berritzeko presidenteordea izan da orain arte, eta taldearen Turkiako kateak ere gidatu ditu.
Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak Administrazio Kontseiluan adierazi du "transformazioa, zeharkakotasuna, nazioartekotzea eta Komunikazio Taldearen kohesioa" izango direla "EITB Mediaren zuzendaritzaren ikur, etxeko profesionalen aldeko apustuarekin batera".