Bihar, Piñerok eta Ratok ringera egingo dute salto

Xabier Urtzelai 2021ko ots. 19a, 15:03

Urteko lehenengo kickboxing txapelketa egingo dute bihar, zapatua, Donostiako Amara auzoan. Bertan lehiatuko dira Eskoriatzako Atama klubeko Leire Rato eta Ariane Piñero borrokalariak. Guztira, 17 borrokaldi egongo dira.

Eskoriatzako Atama taldeko borrokalari Ariane Piñeiro eta Leire Rato gertu daude biharko Donostiako Kuraia taldeak antolatu duen hitzordurako. Entrenatzailearekin izan da GOIENA, Rafa Carrietekin: "Ordua da borrokaldiak izateko, aste asko daramatzagu-eta helburu barik entrenatzen, eta, azkenean, nekagarri bilakatzen da".

Berez, maiatzean hasiko dituzte borrokaldi ofizialak, eta horietara begira prestaketa moduan hartuko dute biharko hitzordua: "Oso penagarria da harmailetan jende barik borrokatzea; izan ere, giro polita egoten da eta borrokalariendako motibagarria izaten da. Baina egoera hau bizitzea tokatzen zaigu, eta ez dago besterik. Hala, guztira, 34 gizon eta emakume igoko dira zapatuan ringera, 17 borrokaldi egongo dira eta hitzordua egin ahal izateko COVID protokoloa beteko dute: borrokaldia baino bi ordu lehenago PCR probak egingo dizkiete borrokalari guztiei.

Maila handiko borrokaldiak

Carrietek ondo daki etxeko bi borrokalariak zelan dauden, baina badaki, baita ere, zapatuan ring gainean izango dituzten kontrarioak ere maila onekoak direla: "Leirek 60 kilo azpiko kategorian hartuko du esku eta Piñeirok, 55 kilo azpikoan. Biak dira oso maila oneko borrokalariak; pentsa, Piñeiro kenpoko munduko txapeldun izan zen 2017an, baina aurrean izango dituztenak ere maila oso onekoak dira, denak daude Espainiako Txapelketarako aurre-sailkatuen taldean. Badakigu gureak ze argiak diren borrokan, lanerako zein gaitasun duten, eta esperientzia handia dute, gainera, baina horrek ez du arrakastarik ziurtatzen".

Ondo ibili dira entrenatzen

Entrenamenduetara itzuli zirenetik Carrietek nabarmendu du lana txukun egin ahal izan dutela klubean. "Batetik, Eskoriatzako Udalaren laguntzari esker pilotalekuan entrenatu ahal izan garelako. Sabai altua dago han, eta espazio handia. Hala, borrokalari bakoitzak hiru metro koadro izan ditu entrenatzeko, eta baldintza horietan oso zaila da inor kutsatzea. Bestalde, entrenamenduetan kontaktu fisikoa saihesten ahalegindu gara; bereziki, gazteekin. Borrokaldietan ibiltzen direnekin saio espezifikoak egin ahal izan ditugu, eta gainontzekoekin gehiago egin dugu kenpo tradizionala. Katak egin ditugu, eta kolpeak beste modu batera entrenatu ditugu, elementuak joz, eta ez kontrarioa. Horrela, nahiko txukun moldatu gara, baina egia da borrokaldietan ibiltzen direnekin muga handiagoak egoten direla, lan egiteko orduan zailagoa da-eta barianteak aurkitzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak