163 días: la huelga de bandas dokumentala elkarrekin egin ondoren, Larraitz Zuazo zuzendariak bera oso zale den Itoiz taldeari buruzko dokumentala egitea proposatu zien Doxa Producciones ekoiztetxeko Ainhoa Andrakari eta Zuri Goikoetxeari. "Oso gustura geratu ginen aurreko lanarekin, eta proposamenarekin bat egin genuen. Orain dela hamabost urte sortu zuen Andrakak ekoiztetxea, eta, harrezkero, askotariko film luzeak eta laburrak egin ditugu. Dokumental arloan jarduten dugu, gehienbat; gai politiko eta sozialei buruzkoak dira gehienak", azaldu du Itoiz udako sesioak dokumentaleko gidoilari eta ekoizle Zuri Goikoetxeak.
Fikzioarekin nahastuta
Dokumentalaren helburua, bereziki, taldearen hastapenak eta lehenengo urteak jasotzea dela azaldu du Goikoetxeak: "Taldearen esentzia jaso nahi dugu. Kapa edo arlo ezberdinak ditu lanak: badaude taldeko kideei eta gertukoei egindako elkarrizketa pasarteak, artxiboko irudiekin osatutakoak ere bai, eta baita kontakizuna lotzeko fikziozko pasarteak ere. Euskaraz da, gehienbat, nahiz eta pasarte batzuk gazteleraz ere badauden, kide guztiak ez dira-eta euskaraz ondo moldatzen".
2022an estreinatzeko asmoz
Gidoia borobiltzen ari dira orain, eta datorren urte bukaeran estreinatzeko asmoa dute. "Gaur egungo egoerarekin, zaila da jarritako epeak betetzea, baina hori da gure nahia. Lauzpabost orduko audio elkarrizketa luzeak egin dizkiegu taldekideei, eta orain, horiekin gidoiari azken buelta ematen ari gara. Aldi berean, inoiz ikusi ez diren artxiboak bilatzen eta sailkatzen ari gara, eta baita finantzaketa lortzeko lanetan ere; oraingoz,%90 lortuta dugu".
Artxibo pribatuen bila
Etxeetan gordeta dagoen materiala bidaltzeko eskaera egin dute. "Audioak, argazkiak, kartelak, bideoak... jaso gura ditugu. Ez da ezinbestekoa kalitate onekoa izatea. Halako materialik baduzue, asko eskertuko genuke Archivo@doxaproducciones.com helbidera bidaltzea".