Enpresa Txiki eta Ertainentzako 433 milioi euroko laguntza-programa aurkeztu du Jaurlaritzak

Uxue Igarza Loiola 2021ko ots. 17a, 19:35

Otsailaren 24an, 25ean eta 26an informazio-jardunaldi telematikoak egingo dituzte programa bakoitzaren xehetasunak azaltzeko. Parte-hartzeko, aurrez izena eman beharko da.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Enpresa Txiki eta Ertainentzako 2021eko laguntza-plana aurkeztu du. Planak 68 laguntza-programa biltzen ditu eta 433 milioi euroko aurrekontua du. Jaurlaritzak adierazi duenez, "ekonomia suspertzea" eta "kalitatezko enplegua sortzea" da helburua.

Pandemiak sortutako krisiaren ondorioz EAEko ekonomian % 9,5eko jaitsiera izan dela azaldu du Garapen Sailak eta langabezia-tasa % 11,20koa izan dela 2020an. Horren aurrean, Jaurlaritzak enpresa txiki eta ertainen "garapenean eta lehiakortasunean" jarri du arreta.

Bestetik, azaldu dute diru-laguntzen aurrekontuaren % 40 I+G+b programetara bideratuko dela: "Eraldaketa digitaleko, ekintzailetzako, industria-garapeneko, nazioartekotzeko, ekonomia zirkularreko, trantsizio energetikoko edo elikagaien industriako proiektuak ere lagundu nahi dira, besteak beste".

Online jardunaldiak, azalpenak emateko

Otsailaren 24an, Teknologia, Berrikuntza eta Ekintzailetzaren inguruan jardungo du, besteak beste, Estibaliz Hernaez Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak, eta alor horri lotutako programak aurkeztuko ditu. Hilaren 25ean, berriz, Industria, Energia eta Ingurumenaz jardungo dira Javier Zarraonandia Industriako sailburuordea eta Amaia Barredo Ingurumeneko sailburuordea, saileko beste arduradun batzuekin batera. Bukatzeko, 26an, Lehen Sektorea eta Landa-garapena eta Itsasertzaren txanda izango da. Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak aurkeztuko ditu lehen sektorerako, elikagaien industriarako eta jasangarritasunerako laguntzak.

Parte-hartzeko izena eman beharko da aurrez, helbide honetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak