Sestaoko hilketa matxista salatzeko hainbat elkarretaratze, bihar, Debagoienean

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko ots. 13a, 17:07

Urteko bigarren hilketa matxista da atzo Sestaon gertatutakoa. Eskualdeko talde feministek gogor salatu nahi dute hilketa hori ere eta gogora ekartzen dute emakumeen kontrako biolentzia estrukturala dela. Hala, Oñatin, Aretxabaletan eta Arrasaten 13:00etarako eta Bergaran 19:00etarako daude deituta elkarretaratzeak. 

 

Emakume bat hil zuten, atzo, Sestaon. 56 urte zituen eta indarkeria zantzuekin aurkitu zuten haren gorpua etxean. Ikerketa zabalik bada ere hilketa matxista izan zela uste du Ertzaintzak; izan ere, hilda agertu da, baita ere, 57 urteko bikotekidea.  

Sestaon gaur eguerdian egin dute mobilizazio bat, eta Bilbon 18:30erako dago iragarrita, Arriaga plazan. Donostian biharko deitu dute, 13:30ean Bulebarrean. Iruñean eta Gasteizen astelehenean egingo dituzte.

Debagoieneko mobilizazioak

Debagoienean ere egongo dira mobilizazioak Euskal Herrian urteko bigarren hilketa matxista dena salatzeko. Oñatin, Aretxabaletan eta Arrasaten 13:00etarako eta Bergaran 19.00etarako daude deituta elkarretaratzeak. 

Bergarako Martxanterak taldeko Ariane Alberdi Iñarrak argi hitz egin du: "Berriro gogor salatu nahi dugu. Ikusten dugu berriro biolentzia estrukturala dela, ez zaiola ematen daukan garrantzia, lanketa gizarte mailan egin behar dela, eta uste dugu honekin bakatu behar dugula. Ia normaltzat hartzen ditugu horrelako hilketak, prentsan ere berandu ateratzen diren eta garrantzi txikiko notiziak izaten dira. Lehenengo lerrora ekarri behar dugun arazoa da. Azkenean, erahilketa da azken muga, baina aurretik badaude emakumeen aurkako mila eraso. Kate bat da, eta kate hori apurtu behar dugu denon artean".

Herritarrak mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak