Bost ziklista debagoiendar Euskadi Fundazioaren proiektu berrian

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ots. 9a, 20:11

Euskadi Fundazioko hainbat txirrindulari eta ordezkari. Argazkia: Euskadi Fundazioa.

Mikel Aristi eta Julen Irizar bergararrak, eta Ainhize Barrainkua, Xubane Garai eta Garazi Estebez aretxabaletarrak lehiatuko dira UCI Pro Team mailako eta emakumeen Continental mailako taldeekin, hurrenez hurren. Guztira, 50 txirrindularik osatzen dute Euskadi Fundazioaren kirol-egitura.

Euskadi Fundazioak Kirol proiektu bat baino gehiago lelopean egin du 2021 denboraldirako taldeen aurkezpena. Hiru, alegia: Euskaltel-Euskadi, bigarren urtez UCI Pro Team kategorian lehiatuko dena; Laboral Kutxa, lehen aldiz UCI Women´s Continental Team emakumezkoen mailako bigarren kategorian parte-hartuko duena; eta 23 urtez azpiko Laboral Kutxa, talde profesionalaren egituran filial gisa lehiatuko dena estreinakoz. Era berean, harrobiko lana zaintzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du Fundazioko kide Jesus Ezkurdiak: "Euskal Autonomia Erkidegoko txirrindularitza eskola ezberdinekin sinatutako akordioak 300 neska-mutiko biltzen ditu".

Euskaltel-Euskadi

Euskadi Fundazioaren talde ikurra Euskaltel-Euskadi izango da. Jorge Azanzak hogei txirrindulari edukiko ditu bere aginduetara. Tartean, Mikel Aristi eta Julen Irizar bergararrak. 

Jorge Azanzak bi helburu lehenetsi ditu denboraldi berrirako: "Batetik, etapa garaipenak lortzetik gertu egoteko saiakera egin behar dugu; hori da UCI World Tourreko gonbidapenak lortzeko bidea: Euskal Herriko Itzulia, Espainiako Itzulia… Eta bestetik, ezin dugu harrobi-lana ahaztu: 23 urte azpiko taldea, txirrindularitza eskolak… Egitura profesionala elikatzeko gure haztegiak dira".

Horren harira, gorriz markatuta dute apirilaren 5ean hasiko den Euskal Herriko Itzulia.

Laboral-Kutxa

Laboral-Kutxarentzat denboraldi berezia izango da, kategoria berria estreinatzen duelako. Alegia, Continental maila. Hamahiru ziklistak defendatuko dute Laboral-Kutxaren elastikoa, eta horien artean, hiru aretxabaletar: Ainhize Barrainkua (bigarren urtea), Xubane Garai (lehenengoa) eta Garazi Estebez (lehenengoa). Ion Lazkanok zuzenduko duen taldeak tropeleko txirrindulari onenekin lehiatzeko aukera izango du, eta maila handiko lasterketetan parte-hartzeko aukera izango du, besteak beste, Itzulia edo Durango-Durango.

23 urtez azpikoak

Euskaltel-Euskadi taldeak  harrobi propioko taldea izango du aurten, lehendabizikoz: 23 urtez azpiko taldea.  Ion Lazkanok egingo ditu zuzendari lanak hor ere, eta bere aginduetara 17 txirrindulari izango ditu. Talde orekatua osatu dute, txirrindulari gazteekin eta beteranoekin. Helburua, berriz, argia da: “Profesionaletara urratsa emateko laguntzea”.

Babesleak eta zaleak

2021 denboraldian 26 enpresa izango ditu bidelagun Euskadi Fundazioak. Eta nola ez, 1.600 bazkide baino gehiagoren laguntza. Enpresa laguntzaileen artean, Orbeak, Euskaltelek, Laboral Kutxak, Etxeondok eta DBAk babesle nagusi izaten jarraitzen dute, eta, beste urte batez, talde-lanean eta enpresa kulturan oinarritutako kirol eta gizarte proiektua laguntzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.

Bestalde, azpimarratu dute, marea laranja hauspotzen jarraituko dute. "Errepideak laranja kolorez bete ezin direnez, jarraitzaile eta enpresekin komunikazio bideak indartuko ditugu. Ohiko bizikleta martxak edo Txirrindularitza Eskoletara egiten diren bisitez gain, nola edo hala, hartu-emana indartzeko baliabideak ipiniko ditugu", esan du Ezkurdiak.

Hori horrela, hilero buletina argitaratuko duela aurreratu dute. Otsailean iritsiko da lehenengo zenbakia, eta bazkideek, enpresa laguntzaileek edota zaleek jasoko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak