Bide onetik doaz Elorrio eta Kanpanzarko gainaren arteko lanak, 35,800 eta 36,620 puntu kilometrikoen artean. Azaroan hasi zituzten eta dagoeneko ikus daiteke aurrerapena. 1.700.406 euroko aurrekontua dute lanek eta proiektu oso baten lehen zatia da.
Zirkulazio motelari irtenbidea
Kanpanzarko portuak, Bizkaiko tartean, lau kilometro eta erdian, trazadura bihurgunetsua du, eta aurreratzeko aukera ematen duen bi zati besterik ez. Hain zuzen, Beasain-Durango ardatzaren parte da; Lehentasunezko Sarearen parte. Ibilbide luzeko bidaiak bideratzea du helburu, AP-8 eta AP-1 ordain-peko autobideen alternatiba gisa erabiltzen baita.
Errepide horrek hamalau kilometro ditu eta 6.481 ibilgailuren batez besteko intentsitatea du egunero; horietatik %16,9 kamioiak dira, 1.095 inguru.
Beste tarte bat ostean
820 metroko hirugarren erreia egiteko hamahiru hilabete beharko dira. Errepideak 3,50 metroko zabalerako hiru errei izango ditu. Obrek irauten duten bitar-tean, hormigoizko hesi bat jarriko dute, trafikoa eta obra eremua bereiziko dituena, lan tarteari segurtasuna emateko. Lehen fase hori amaituta, 2022an, 800 metro inguruko beste zati bat hastea aurreikusten du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta beste 1,7 milioi euro inbertituko ditu horretarako.Bi tarte horietan egingo diren obrak amaitutakoan, Kanpanzar mendatean, ibilgailu arinen puntako orduetan, Elorrio-Arrasate noranzkoan, batez beste 4,5 minutu murriztea espero da.