115 milioi euro bideratuko dira Ekonomia Sustapeneko Departamentura

Uxue Igarza Loiola 2021ko urt. 27a, 15:54

Gaur bildu dira Foru Aldundia eta Adegi Gipuzkoako Enpresen Elkartea, eta besteak beste Europako funtsen kudeaketa prozesua jarri dute mahai gainean. Bestetik, jakinarazi dute Ekonomia Sustapeneko Departamentuaren aurrekontuak %39ko igoera izango duela.

Gaurko bileran susperraldi ekonomikoa izan dute hizpide Adegik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Enpresen Elkarteak adierazi du jarduera ekonomikoaren murrizketek zuzenean eragiten dieten sektore eta enpresei lagundu behar zaiela: "Guztion artean eutsi behar diogu lurraldeko ekoizpen sareari, Gipuzkoan lan egiten duten pertsonen % 85i ematen baitie lana". Bestetik, diputatu nagusiak adierazi du "susperraldi ekonomikoa" eta "pandemia ondoko eszenarioaren eraikuntza" lehenesten dituela, Aldundiaren proiektu estrategikoen eskutik.

Gizarte politiken ondoren, produkzio jarduera "blindatzea eta indartzea" da gakoa Olanoren ustez. "Gure enpresen eta gure enpresa ereduaren aurrerapena gizarte oparo, aurreratu eta justizian oinarritutako baten oinarria da, eta, beraz, gu gertu izango gaituzte", azaldu du. Hala, 115 milioi euro bideratuko dira Ekonomia Sustapeneko Departamentura, aurreko urteko zuzkidura % 39 igoz.

Bestalde, Europak eskaintzen dituen baliabideak baliatu behar direla adostu dute "ekonomiaren susperraldiaren oinarriak ezartzeko": "Gai izan behar dugu funts horiek enpresetara bideratzeko, baita txikietara ere, beren digitalizazio-prozesuak, produkzio-baliabideen modernizazioa eta lehiakortasuna indartzen jarrai dezaten".

Europako funtsen kudeaketa prozesuari lotuta, Euskadi Next inbertsio programarekin (Gipuzkoako 66 proiektu espezifiko barne hartzen ditu) 1.001,1 milioi euro jaso nahi dituzte Europako Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismotik. Azaldu dutenez, laguntza hori "funtsezkoa" da ekonomiaren susperraldiaren oinarriak ezartzeko, eta eraldaketa energetiko, ekologiko eta digitalaren oinarriak ezartzeko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak