Elkarretaratzeak, Aintzane Pujanaren erailketa salatzeko

Oihana Elortza 2021ko urt. 23a, 16:27
Arrasateko herriko plazan 13:00etan egindako elkarretaratzea.

Euskal Herriko urteko lehen erailketa matxista salatu dute eguerdian Arrasaten egindako elkarretaratzean eta "pandemia honen antidotoa feminismoa" dela aldarrikatu. Atzo iluntzean Oñatin egin zuten Pujanaren hilketa gaitzesteko kale agerraldia eta iluntzean Aretxabaletan eta Bergaran egingo dituzte.

Arrasateko herriko plazan egin dute herritarrek elkarretaratzea urtarrilaren 4an Aizarnazabalen (Gipuzkoa) eraila agertu zen Aintzane Pujana donostiarra gogoan dutela. "2021. urtea gogor hasi da indarkeria matxistari dagokionez, Euskal Herriko urteko lehen erailketa matxista gertatu da. Matxismoaren pandemia salatzera etorri gara. Hau ez da gelditu", adierazi du Arrasateko mugimendu feministaren izenean, bilgune feministako kide den Garazi Bedatsek.

Bedatsek gaineratu du "pandemia matxista" honi aurre egiteko bidea feminismoa dela: "Herriak, kaleak, jendartea... feminismoz kutsatzea da gure antidotoa. Horretarako, emakumeen zaintza sare feministak izango dira gure irtenbidea, nahiz eta pandemia egoera honetan oztopoak egon hori egiteko".

Oñatin ere bai

Oñatin ere feminismoa aldarrikatu zuten eraso matxisten aurrean, atzo iluntzean egindako elkarretaratzean. Aintzane Pujana izan zuten gogoan plazan egindako kale agerraldian. Aretxabaletan eta Bergaran iluntzean egingo dituzte donostiarraren erailketa salatzeko kale bilkurak.

Aretxabaletan ere elkarretaratzea

Aretxabaletan ere hainbat herritar elkartu dira zapatu arratsaldean, Herriko Plazan, Udalak eta Mugimendu Feministak elkarrekin egindako deialdian. Ordu erdiz egon dira isilean, Aski da! lelodun pankartaren atzean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak