Oztopoen gainetik, sarea ehuntzeko ahaleginean dabil Katearen Loturak

Hasier Larrea 2021ko urt. 24a, 16:31

Erantzunik ezean, adinez nagusikoen buruko arazoek "luze" diraute.

Debagoieneko zenbait gurasok osatzen duten Katearen Loturak elkarteak aurkezpen ekitaldia egiteko asmoa zuen Oñatiko Santa Ana aretoan, urtarrilaren 30ean, baina mugikortasun neurri berriek zita atzeratzera behartu dituzte antolatzaileak; buruko gaitzak eta drogadikzioak dituzten pertsonen senideen artean "indarrak batzen" jarraitu nahi dute, hala ere, elkarteko kideek.

2019ko irailean sortu zuten, formalki, Katearen Loturak irabazi asmorik gabeko elkartea "substantzia estupefazienteekin lotutako edo lotu gabeko trastorno edota patologia desberdinak dituztenen" zenbait senide eta lagunek. "Tamalez", arrazoi ugarigatik eduki zuten erakundea martxan jartzeko determinazioa, Mariluz Casatorre idaz-kariak aipatu duenez: "Gure ingurukoek jasaten duten babesgabetasun egoerari amaiera eman nahi diogu, gizartea sentsibilizatuz eta administrazio publikoen arteko koordinazioan zubi-lanak eginez".

Debagoienean adinez txikiak zein nagusiak diren gazte askok arreta psikologiko eta terapeutikoa behar dutela aldarrikatzen du Casatorrek: "1/2016 Legeak argi eta garbi dio atentzio integralerako eskubidea bermatuta daukatela adikzioak zein buruko patologiak dituztenek; guk lege hori betetzea eskatzen dugu, ez besterik".

Errealitatean, ordea, oztopo "agorrezinak" izan dituzte arazo horiek pairatzen dituzten senideek. Udalek drogen gaineko prebentzioa "bakarrik" lantzen dutela diote, eta gaitza sortuta dagoenean "ezer gutxi" eskaintzen dietela. Bestalde, osasun zentro espezializatuek 18 urtez azpikoei baino ez omen diete jarraipen osatua eskaintzen, legearen arabera adinez nagusikoen kasuan "norberaren borondatearen araberakoa" delako tratamendua jasotzea. Kontraesan handia ikusten dio horri Casatorrek: "Denok dakigu drogek norbanakoaren borondatea suntsitzen dutela".

PATOLOGIA DUALA PAIRATZEN DUTE ASKOK, ADIKZIOEN ETA BURUKO GAITZEN ARTEKO NAHASKETA

Bidelagunen beharra

Ezintasun horren jakitun, "indarrak batzearen aldeko apustua" egiten dihardute Katearen Loturak elkartekoek. Aurrerapausoak emateko profesional handien laguntza ezinbestekotzat jo du Casatorrek: "Familia-orientatzaileekin, kolektibo zaurgarriekin aritzen diren langileekin eta gazteen problematikak lantzen dituzten hezitzaileekin batu gara. Ekarpen ikaragarria egin digute, kontuan hartuta eskainitako laguntza guztia borondatezkoa izan dela", nabarmendu du erakundeko idazkariak.

Gipuzkoako Batzar Orokorretan ere aurkeztu zuten euren burua kolektiboko kideek. Bertan zer-nolako harrera jaso zuten galdetuta, politikariak euren aldarrikapenekin "erabat ados" azaldu zirela baieztatu du Casatorrek. Hala ere, eskertuko lukete administrazioek "euren eskuetan dagoena" egingo balute: "Gizarte alorreko arduradun politikoek planto egin izan digute behin baino gehiagotan; harrigarria egiten zaigu gurean hamarkadatan errotuta egon den arazo honi irtenbiderik emateko gai ez direla ikustea". Jasotzen dituzten dirulaguntzak ere "interes falta horren" adierazgarri direla uste du: "Erakundeen aldetik laguntza ekonomiko urria jasotzen dugu, eta horrek zaildu egiten du gure erronkak gauzatu ahal izatea".

Helburuak lortzeko lanean

Etorkizunean "estigma eta bazterketa soziala murriztu eta droga-mendekotasuna duten gazteei zerbitzu integrala" eskaintzeko asmoz, proiektu bat bideratu nahi du Katearen Loturak elkarteak, Bizkaian kolektibo zaurgarriekin lan egiten duen Erain kooperatibarekin elkarlanean. "Guretzat lorpen handia litzateke eraikin bat eskuratzea, faltan sumatzen ditugun beharrak asetzeko bertan. Profesionalek eta erabiltzaileek harreman estua garatu ahalko lukete horrela, eta familiok hainbeste sufritu ditugun arazoak ekidin ahalko lirateke", dio Casatorrek. Kemenik ez zaie falta; bai, ordea, gizartearen eta instituzioen atxikimendua.

Profesionalez betetako hitzaldia

Elkartea sortu zutenetik bidean aurkitu dituzten "profesional eta pertsona apartek" gidatuko behar zuten Oñatiko Udalarekin elkarlanean antolatutako aurkezpen ekitaldia. Santa Ana aretoan izan beharko luke, urtarrilaren 30ean, baina mugikortasun neurri berriek zita atzeratzea ekarri dute, Katearen Loturak elkarteko kideek adierazi bezala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak