Dagoeneko zabalik dago Laburbira laburmetraien lehiaketara lanak igotzeko epea; Euskaltzaleen Topaguneak jakinarazi duenez, otsailaren 4ra arte egongo da aukera eta webgunearen bitartez egin beharko da. Lanek baldintza batzuk bete beharko dituzte: 2019tik hona ekoiztutakoa izatea eta fikziozkoak eta 20 minututik beherakoak izatea.
Behin lanak aurkeztuta, otsailaren 4tik eta 11ra bitartean, antolakuntzak film laburren aukeraketa bat egingo du. "Laburmetraia horiek izango dira XVIII. edizioko Laburbira osatuko dituzten lanak eta herriz herri bidaiatuko dutenak. Zenbait kasutan gainera zuzendariek beraien lanak aurkezteko aukera izango dute publikoaren aurrean", gehitu dute antolatzaileek.
Aurtengoa XVIII. edizioa da, eta egoera berezia den arren, helburu sendo batekin abiatu dute: "Zuzendarien lanak ezagutarazten jarraitzea euskaraz ekoizten jarraitu dezaten aukera emanez eta ikusleei sortutako zineaz gozaraztea ezohiko egoera honetan ere". Iaz 27 ikus-entzuneko jaso ziren, eta oraindik ikusteko dago marka hori gaindituko den.