Eskoriatzako campuseko Bibliotekan egin zuten atzo liburuaren aurkezpena. Larraitz Esnaola eta Alexander Barandiaranek adierazi zutenez, liburuan azaldu nahi izan dute, besteak beste, askotariko materialekin esperimentatzeak hezkuntzan eta garapen-prozesuan dakartzan onurak: “Esploratzeko, sortzeko eta jolasteko ateak irekitzen zaizkio haurrari. Prozesu horretan bidelagun den hezitzaileari laguntzeko idatzi dugu liburua, betiere, hausnartzen eta bide berriak irekitzen laguntzeko asmoarekin”.
Liburuak 161 orri ditu eta hainbat gai jorratu dituzte; esperimentazioan sakontzea, Curriculuma, esperimentaziorako materialak, materialen ezaugarriak eta aukerak... Eta horrekin batera 365 proposamen zehatz txertatu dituzte esperimentatzen jartzeko.