Derbia MUrendako, harrobiko jokalari gazteen protagonismoarekin (76-63)

Xabier Urtzelai 2021ko urt. 17a, 20:37
MUko jokalaria barneraketa egiten, gaur Iturripen. Argazkia: Angel Ayastuy.

Oraingoan sailkapenak erakusten zuen aldea kantxan ere islatu da, eta Mondragon Unibertsitateak ez du aparteko zailtasunik izan gaur iluntzean Goierri mendean hartzeko (76-63). Nabarmentzekoa harrobiko gazteek kantxan emandako maila: "Eurek apurtu dute partidua gure alde", adierazi du Arri-k partidu amaieran".  

Ez dira kanpoko jokalari mordoa izateko sasoi onenak, baina horren aurrean, etxeko gazteek pauso bat aurrera eman dute, eta Iñaki Ogara Arri-k denboraldian zehar banatzen dituen minutu horiei zukua ateratzen dabiltza etxeko gazteak: "Eta halako kategoria batean ez da erraza kantxara irten eta ez kikiltzea. Kontrara, gaur talde osoak eman du maila ona, baina bereziki harrobiko jokalari gazteen lana nabarmendu nahiko nuke".

Aparteko zailtasun barik

Goierriren kontrako aurreko derbietako batzuk gaurkoak baino estuagoak izan dira. Zuri-moreak ondo kantxaratu dira eta lehenengo bi laurdenetan dezente hobeak izan dira (42-29). "Atsedenaldian berba egin dugu baina bigarren zatia hasi eta berehala esandako guztiak ez du ezertarako balio izan. Goierrik hiruko hiru saskiratze egin ditu eta ostera ere sartu dira partiduan. Eta, hor lortu dute etxeko gazteek partidua apurtzea, gaurko garaipenean zeresan handia izan dute eurek".

Hala, nabarmentzekoa izan da azken laurdenean etxeko jokalariz osatutako boskotearekin jokatu duela MUk: "Etorkizun batean eurek izan beharko dute protagonista, eta normala da poliki-poliki halako egoerak ikustea. Aste barruan lan ona egiten dabiltza eta partiduetan ikusten da emaitza. Baina, prozesu luzea da hau, pazientzia izan behar dugu gazteekin".

Datorren astean Logroñora

Bi jardunaldi jarraian jokatu ostean MUk Errioxan jokatuko du datorren astean: "Oso maila oneko taldea da, hasierako boskotea zilarrezko LEB mailan lehiatzeko modukoa dute. Aurrean ibiliko dira denboraldi amaieran", adierazi du Arri-k.

Gogoan izan pandemia egoeran Arrasate berriro ere zona gorrian sartuko balitz ere ez lukeela eraginik izango EBA kategorian.

  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak