Ioritz Agiriano: "Oñatiko eskubaloi taldekook liga ez berrekitea erabaki dugu"

Xabier Urtzelai 2021ko urt. 16a, 10:13
Oñatiarrak Urdanetaren kontrako partiduan, iazko urrian.

Gaur, zapatua, ekingo dio ostera ere Euskadiko Eskubaloi Federazioak liga jokatzeari. Baina, Oñatiko eskubaloiak kategoria gorenean dituen bi ordezkariek, gizonezkoek eta emakumezkoek, erabaki dute aurtengo liga ez berrekitea: "Egoera ez da urrikoa baino hobea. Pandemia egoeran ez dugu jokatzen hasteko beharrik ikusten", adierazi dio minutu gutxi dela GOIENAri Ioritz Agirianok. Emakumezkoen taldeak ordu erdian (11:00) hasi behar zuen Egiaren kontrako partidua. 

Euskadiko Txapelketa barruan, senior mailako emakumezkoen Construcciones Ugarte Aloña Mendi taldeak ordu erdi pasa barru (11:00etan) hasi behar zuen Egia Petritegiren kontrako partidua. Baina Zubikoako kantxara ez du inork salto egingo. Ezta bihar, domeka, Fagor Industrialen eta Corazonistasen artekoan ere (12:00). Izan ere, Oñatiko klubak liga ez berrekitea erabaki du. 

Urrian, jardunaldi bakarra jokatu zutenean oñatiarrak kritiko azaldu ziren liga jokatu behar izatearekin. Ordurako, aurre-denboraldian gizonezkoen taldekoek konfinamendua bete behar izan zuten, eta segituan jabetu ziren ez zela denboraldiari aurre egiteko modua. Orain, pandemiak hobera egin ez duen honetan, hainbat liga txapelketa berrekin dituzte –baita eskubaloian ere– eta oñatiarrek garbi egin dute berba: "Ez jokatzea erabaki dugu, egoera ez da hobetu. Oñatin Euskadiko Txapelketan bi talde ditugu, eta klub moduan hartutako erabakia izan da. Ez dakigu honek eragina izango duen, dena dela, guk hartu dugu erabakia, ez dugu uste egoera ligak berrekiteko moduan dagoenik", adierazi du klubeko ordezkari Ioritz Agirianok.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak