2020ko martxoan jaialdiaren 13. edizioa online egin ondoren, "indarberrituta" eta sari berriarekin dator Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren 14. edizioa, Komedia Sariarekin, alegia.
Antolatzaileek aipatu dutenez, edozein gai edo estiloko film laburrak aurkeztu ahalko dira. Sail Ofizialerako 10 finalista aukeratuko dira eta bakoitzak 200 euroko diru sarrera jasoko du proiekzio eskubideen truke. Sail Ofizialean eta Mondragon Unibertsitatea Sailean, berriz, 4.000 euro baino gehiago banatuko dituzte, "kultura eta sormenaren egoera latzari bultzada bat" emateko asmoz.
Jaialdia martxoaren 16tik 18ra ospatuko dira, baina oraindik formatua zehazteke dago, COVID-19 dela eta.
Esteka honetan aurkitu ahal dira lehiaketara aurkeztu nahi diren film laburrek bete behar dituzten baldintza guztiak. Zinema "maite, sortu eta bizi" duten guztiei aurtengo edizioan parte hartzera gonbidatu diete antolatzaileek.
2008tik abian
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, HUHEZIk, sortu zuen Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia, 2008. urtean. Ordutik, 'Kultur ekitaldien antolaketa' izeneko lan proposamenaren barruan, ikus-entzunezko graduko 4. mailako ikasleek antolatzen dute "erreferentziazkoa" bilakatu den jaialdia.
Informazio gehiagorako, 656 73 25 86 (Iban del Campo – Huhezinemako koordinatzailea) eta 697 535 795 (Igor Eguen – Prentsa arduraduna) telefonoetara deitu dezakete interesatuek.