Debagoiendarrak, 'reality show'-etan abenturazale

Imanol Beloki Unamuno 2021ko urt. 16a, 16:00
'Conquis'-eko Julen Herran bergararra eta Asier Urtzelai eskoriatzarra goian, eta 'Baserria'-ko Ibai Alberdi aretxabaletarra eta Maitane Uribe aramaioarra, behean.

ETB1en Baserria saioa estreinatu zuten domekan, eta astelehenean, berriz, aurkezpenik behar ez duen ETB2ko El conquistador del Caribe reality show-aren 17. edizioa hasi zen. Estreinaldi arrakastatsuak izan dira biak, duda barik.

Baserria programa berrian Maitane Uribe aramaioarra eta Ibai Alberdi aretxabaletarra izan dira parte hartzen, eta El conquistador del Caribe-n, Asier Urtzelai Binbi eskoriatzarra eta Julen Herran Herrantxi bergararra. Guztiek adierazi dute esperientzia aparta bizi izan dutela.

Klaudio Landak ETB1en aurkeztutako saio berrian hogei lehiakide daude; hamar baserritar eta hamar kaletar, beraien laguntzaile direnak. Bost bikotez osatutako bi taldetan ari dira auzolanetan indarrak neurtzen, eta, bikotea osatzen ez duten arren, Maitane Uribe kaletar aritu da eta Ibai Alberdi, berriz, baserritar.

Uribe, lehenengo kanporatua

Estreinaldiko kapituluan, baina, Uribe kaleratua izan da, proba galtzearren. Hala ere, esperientzia zirraragarria izan dela adierazi du: "Esperientzia motza baina intentsua izan da, eta baserriko lanei aurre egiteko gai naizela erakusteko gogoz geratu naiz. Kanporaketa, berriz, bidegabea izan dela uste dut".

Ibai Alberdik jarraitzen du programan, eta gustura agertu da bizitakoaz: "Baserriko bizimodu gogorra islatzen saiatu dira, eta uste dut lortu dutela. Gainera, kaletarrei zerbait erakusten ere saiatu gara…".

'Conquis'-zale amorratuak

Asier Urtzelai eta Julen Herran bi urtez jarraian joan dira Conquis-eko casting-era, eta aurten izan dira biak hautatuak. Hauxe dio Urtzelaik: "Esperientzia gogorra izan dela esango dut; ezin da gehiago aurreratu. Horrekin batera, egunotan jasotzen ari naizen mezu zaparrada sekulakoa ari da izaten". Herranek, berriz, esperientziaz gozatu arren gogorra izan dela adierazi du: "Fisikoki prestatua egon arren, psikologikoki gogorra da; izan ere, gauzak pentsatu barik egin behar dituzu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak