Gipuzkoako 59 egoitzatan jaso dute COVID-19aren aurkako txertoaren lehen dosia

Hasier Larrea 2021ko urt. 15a, 12:12

Oñatiko San Martin egoitza.

Debagoienean, Jose Arana, Iturbide eta Mizpirualdeko erabiltzaile eta langileak ziztatu dituzte momentuz; Oñatiko San Martin egoitzan gaur eta datorren astean jasoko dute txertoa, eta Aretxabaletako GSRn, astelehenean.

Prentsaurrekoa egin zuten atzo Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak. Bertan COVID-19ak lurraldeko gizarte baliabide eta politiketan duen eraginari eta adinekoen egoitzek bizi duten egoerari buruz mintzatu ziren.

Bigarren olatuan Gipuzkoako egoitzetan 144 pertsona hil direla gogoratu dute, eta gaur egun bederatzi egoitzatan 53 gaixo daudela gaineratu. Debagoienean 34 egoiliar daude koronabirusarekin kutsatuta -31 Aretxabaletan eta 3 Oñatin-, Gipuzkoako sarean kutsatuta daudenen %64,15.

"Urriaren 15etik eman den positibo kopuru txikiena dugun arren, komunitatean kutsatutakoen kopuruak gora egiteak egoitzetan kutsatzeko arriskua handitzea dakarrela" azpimarratu du Peñak.

82.000 PCR proba baino gehiago uztailetik

DYAko langileek sei hilabete eta erdian Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaile eta langile bakoitzari batez beste zortzi proba egin dizkietela aipatu du Peñak, azken astean 6.600 PCR proba egin direla gaineratuz, horietatik 5.500 proba langileei egin zaizkielarik, "sintomarik gabeko kasuak detektatu eta birusaren transmisioa geldiarazteko".

Txertaketa prozesuari dagokionez, diputatuak esan du "ez dagoela lasaitzerik eta neurri guztiak zorrozten jarraitu behar dela, babesa ez baita lortzen bigarren dosia jaso ondorena arte".

Dosiak "ia egoitza guztietan" inokulatu direla ere aipatu dute: 65 egoitza-zentroetatik 59tan, hain justu. Otsaileko lehen asterako erabiltzaile eta langile guztiek txertaketaren bi dosiak jasoko dituztela" aurreikusten dute.

23,7 milioi euroko aurrekontua

COVID-19ari aurre egiteko, 2020an 13,2 milioi euroko inbertsioa egin zuen Foru Aldundiak. Aurten, 10,5 milioi euroko gastua egitea aurreikusi dute diputatuek; bi urteetan, beraz, 23,7 milioi euro inbertituko dituzte pandemia geldiarazteko.

Txertaketa bailarako egoitzetan

Oñatiko San Martin egoitzatik azaldu dute gaur eta datorren astean jarriko dietela txertoa egoiliarrei eta langileei. Zehazki, egoitza horretan dauden 76 egoiliarretatik 70 ziztatuko dituzte; horietako 42, gaur. Bertan lan egiten duten 93 langileetatik 73k hartuko dute txertoa; 21ek, gaur.

Aretxabaletako GSR Debagoiena egoitzako egoiliarrak eta langileak, bestalde, astelehenean ziztatuko dituzte. 132 egoiliarretatik 125ek hartuko dute txertoa, eta 120 langileetatik 117k.

Eskualdeko gainontzeko egoitzetan –Jose Arana, Iturbide eta Mizpirualde–txertoaren lehen dosia hartuta daude dagoeneko. Hori horrela, bailarako adinekoen egoitzetan dauden 407 egoiliarretatik 384k hartuko dute txertoa, orotara; eta horietako 189k hartu dute dagoeneko –gaurkoak aintzat hartu barik–.

Moderna konpainiaren txertoa gaur hasiko zaizkie jartzen Gurutzetako ESIko osasun langileei, baina Debagoieneko ESIn galdetuta, oraindik ez dakite noiz helduko zaien txanda.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak