Sailkapenak erakusten duenari, kasu handirik ez

Xabier Urtzelai 2021ko urt. 15a, 12:00

Andoni Atxa, nafarren aurrean baloia babesten, joan den domekan.

Eguesen kontra atzeratutako partidua irabazita (93-83) hasi du MUk urte berria, eta etzi, domeka, taulan azken postuan dagoen Goierriren bisita izango dute Iturripen (18:30). Adi, azkenaldian euren kontrako derbiak oso lehiatuak izan dira eta. Bestalde, Euskadiko Txapelketan diharduten Mekalki Aloña Mendi eta Alkideba Ointxe ere jokatzen hasiko dira.

Domekako kontrario Goierrik (Iturripe, 18:30) jokatu dituen sei jardunaldietan oraindik ez du garaipenik lortu ligan, eta horrek are arriskutsuago bilaka ditzake, amorratuta kantxaratuko dira eta. Eta derbietan hori osagai garrantzitsua izaten da; partiduak ohi baino gogorragoak izaten dira: "Azken urteotan eurak baino hobeto ibili izan gara, baina kuriosoa da, euren kontrako partiduak oso lehiatuak izan dira, kantxan ez dugu batere erraztasunik izan eta badakigu euren kontra galtzea zer den. Horrenbestez, sailkapenean atzealdean egoteari ez diogu aparteko garrantzirik emango, gogotsu etorriko dira eta", dio MUko entrenatzaile Iñaki Ogarak.

Talde zuri-morearendako ez dira Gabon atseginenak izan. Entrenatzen jardun dute, jakinda azken bi partiduak galdu eta gero txakalaldian zeudela: "Horren aurrean, aurreko domekako garaipena oso garrantzitsua izan zen. Gabonetan hausnarketa egin eta geure buruarekin zintzoak izaten ahalegindu ginen, ez geunden ondo. Eta, ondo egon barik ere, talde moduan jokatu behar genuela esanda kantxaratu ginen Eguesen kontra. Bada, garrantzitsuena da oso sentsazio onak izan genituela, eta partidua galduta ere pozik geratuko ginen. Zorionez, irabazi egin genuen, harrobiko jokalariei minutuak eskaini ahal izan genien eta poliki-poliki talde dinamikan sartzen dabiltza gazteak, eta orain, jarraipena eman behar diogu horri guztiari. Baina kontuz biharko kontrarioarekin; lehenengo garaipena lortzeko geroago eta antsietate handiagoa izango dute, eta partidu ona egin beharko dugu".

Alkideba Ointxe eta Mekalki Aloña Mendi ere, abian

Euskadiko Txapelketako bigarren mailan diharduten Alkideba Ointxe eta Mekalki Aloña Mendi asteburuan hasiko dira ostera ere liga txapelketa jokatzen. Bi jardunaldi jokatuta utzi behar izan zuten dena bertan behera, urri amaieran, eta, hiru hilabete geroago, kantxetara itzuliko dira ostera ere. Oñatikoek Berrio Otxoaren bisita izango dute, etxean, zapatuan (18:00), eta Arrasatekoek Askartzaren kantxan jokatuko dute bihar baita ere (18:00).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak