Argi-ilunekin jolas egin gura izan du akuarelatan: "Argiaren bitartez egindako jokoak landu ditut". Aretxabaleta eta inguruak, –Urkulu, esaterako– erakutsi ditu hamar lanetan eta gainerako hiruretan Arrasate. "Paisaia urbanoak gurago ditut nik, joko handia ematen dute; izan ere, edozein elementurekin egin daiteke lan bat. Paisaia naturalak betikoak dira, oso politak baina…", dio Perez de Arenazak.
Kalean bertan margotzea du gustuko: "Baina beti ezin da; neguan gaude... Horregatik argazkiak atera nituen kaleetan eta gero etxean lan egin". Lehen aldiz margotu ditu halako tamaina handikoak eta esperientzia polita izan dela dio: "Akuarela oso zaila da eta tamaina handia ez da samurra maneiatzeko, baina gustura nago esperientziarekin".
Autodidakta
Aspaldi hasi zen pintura-lanak egiten margolari arrasatearra, eta irakasle batzuk izan baditu ere autodidakta da: "Nik gura nuena ez nuen lortu horiengandik. Orain topatu dut eta oso gustura sentitu naiz".
Orain dela lau bat urte ere erakutsi zituen lanak Arkupen: "Gurutze Mujika pintore aretxabaletarrak eta biok batera jarri genuen erakusketa orduan; hark olio-lanak eta nik akuarelak eta Urkulu izan genuen gai".