Urteari agur, San Silvestre barik

Xabier Urtzelai 2020ko abe. 24a, 09:11

Azken urteotan, jendetzak agurtu izan du urtea Debagoieneko herrietan egiten dituzten hamaika krosetan esku hartuz. Abenduaren 9ko Jaurlaritzaren dekretuak, baina, bereziki lasterketa hori aipatu zuen debekuen artean.

Gauzak asko aldatzen ez badira –okerrera–, urteko azken egunean kirola egiteko aukera izango dute herritarrek, baina ez dortsala janzteko. Bakoitzak bere kontura egin beharko du izerdia. Izan ere, abenduaren 9ko dekretuak debekatu egiten zuen Gabonei begira jendetza batu ditzakeen kirol hitzorduak antolatzea, eta adibide moduan jartzen zituen, bereziki, San Silvestre probak.

Hain zuzen, azken urteotako fenomenoa izan da garai bateko Oñatiko eta Eskoriatzako San Silvestre tradizionalen ondotik beste asko jaio direla: Aretxabaletan, Bergaran mendi lasterketa formatuan eta Arrasaten –Musakolan–, esaterako. Hala, iazko lasterketetako parte-hartze guztiak batuta, Debagoienean 1.000 herritarrek baino gehiagok dortsalen bat jantzita agurtu zuten urtea.

Zalantza gutxi izan dute

Bergarako San Silvestre Trail lasterketak urtero-urtero bete du izen ematea, azken hamarkadan mendi lasterketek izan duten boom-ari jarraituta. Eta, uda partean Hankaluze taldeko kideak lasterketaren gainean berba egiten hasi zirenean, nahiko garbi zeukaten denek ere aurtengoa ez zutela antolatuko. "Baten batek aipatu zuen ea antolatzeko moduan egongo ginen ala ez, baina nahiko azkar baztertu genuen aukera. Ordurako ikusten zen beste lasterketa askorekin zer gertatzen zebilen, eta lasterketak antolatzetik bizi direnek, akaso, egin dute ahalegin handiagoa, baina gu lagun talde bat gara; herrian abenduaren 31n saltsa apur bat jartzeko eta jendeak urtea kirola eginez amaitzeko hasi ginen hau antolatzen, baina ez dugu aparteko beste helbururik, eta garbi geneukan gutxi geneukala irabazteko, eta dena galtzeko. Udalarekin gaiaz berba egitera ere ez ginen iritsi", dio Josu Letek.

Bergarakoak bertatik bertara ikusi ahal izan du aurten zenbat lasterketa geratu diren bertan behera, Lete bera mendi lasterketetan parte hartzen ibiltzen da eta. "Bai, antolatzaile batzuk datorren urtean ilusio eta gogo handiagoz itzuliko dira lasterketak antolatzera, baina beste batzuk desagertzeko bidean utziko ditu COVID-19ak. Egia da, baita ere, egutegia nahiko saturatuta zegoela. Gure lasterketaren kasuan, urtez urte hausnartzen dugu datorren urtean ostera ere antolatuko dugun ala ez, eta 2021ean ere gauza bera egingo dugu: gure artean berba egin eta jendea gogotsu badago, egongo da lasterketa".

"Jendea batzea da helburua"

Aipatu moduan, azken urteotan ia herri guztietan antolatu izan dituzte urteko azken egunean krosak, baina Eskoriatzan egiten duten Manuel Muñozen omenezkoan –korrika egin aurretik brindisa egiten dute– eta Oñatin San Silvestre lasterketak oso errotuta daude. Eta, zalantza barik, Oñatikoa da parte-hartzeari dagokionez kuadrilla handiena batu izan duena, 400 lagun inguru urtero. "Hasiera batean, San Silvestre birtuala egitea ere pasatu zitzaigun burutik, beste lasterketa entzutetsu batzuek egin izan dute hori, baina berehala baztertu genuen ideia hori, eta erabaki genuen aurten ez egitea ezer", dio Antxintxiketaneko Asier Osinagak. "Izan ere, gure lasterketan jende pilaketak ezin dira saihestu. Hasteko, izen ematea egunean bertan egiten da, ez Internetez. Hor jendea batzen da, eta lasterketaren helburua kuadrillak batzea da, lasterketa lagunartean egitea. Jendeak korrika egin aurretik kafea elkarrekin hartzen du... Eta zirkuitua ere herri barruan dago, Oñatiko kaleetan zehar egiten dute korrika. Horrenbestez, korrikalarien osasuna bakarrik ez, ikusleena ere kontuan hartu behar da. Horrenbestez, debekuak ez digu askorik eragin, ez genuen antolatzeko asmorik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak