Bateragune auziagatik, Arrasateko eta beste herrietako mobilizazioetara deitu dituzte herritarrak

Julen Iriondo 2020ko abe. 18a, 19:27

Arrasateko bilkura Arrasateko Emakumeen Mundu Martxak, Bilgune Feministak, Gure Eskuk, Sarek, ELAk, Steilasek, ESK-k, LABek, Ahal Duguk, Ezker Anitzak eta EH Bilduk deitu dute. 12:00etan izango da, Herriko plazan, Bateragune auziko epaiketa errepikatzeko Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren kontra.

"Erabakia larria da, eraso berri bat oinarrizko eskubide demokratikoen eta Euskal Herriaren aurka. Eta Arrasaten ordezkaritza daukagun aipatutako eragile sindikal, sozial eta politikook, Euskal Herri mailako beste zenbaitekin batera, Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiari elkarrekin erantzun sendo eta transbertsala emateko batu gara. Herritarrei ere deia luzatzen diegu, bihar, bilkura horretan gurekin bat egin dezaten, Euskal Herriarentzat benetako demokrazia eskatzeko eta injustizia berri honi herri gisa erantzuteko", adierazi dute deitzaileek.

Debagoieneko Ezker Anitza-IUk, bere aldetik, eskualdeko bilkura denetara deitu ditu herritarrak. Bateragune auzia hasi ere ez zela "inoiz" egin behar adierazi dute, eta Estrasburgoko epaitegiak epaiketa justua izan ez zutela ebatzita ere auziperatu eta zigortuak, kondena osoa bete ostean, berriz ere epaitzea erabakiz, Auzitegi Gorena "politika egiten" ari dela uste du Ezker Anitza-IUk: "Eskuina epaitegietan gotortuta dago", adierazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak