Gabonetara begira ezarritako neurriak gehiago zorroztu ahal izango dituzte erkidegoek

Maialen Santos 2020ko abe. 16a, 18:59

Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioa erkidegoetako ordezkariekin bildu da gaur, eta horren ostean iragarri du Salvador Illa Osasun Ministroak Gabonetara begira ezarritako neurriak gogortzeko aukera izango dutela erkidegoek, tokiko egoera epidemiologikoaren arabera. Halere, aurtengo Gabonetako mezua "etxean geratzea" dela ekarri du gogora. 

Azaldu duenez, azken asteetan erkidego batzuetan intzidentzia-tasak behera egin du, baina beherakada hori nabarmen moteldu da. Beste lurralde batzuetan, aldiz, goraka egin dute kasu positibo berriek. Hori horrela, "beharrezkoa" den erkidegoetan Gabonetara begirako "neurriak zorrozteko" baimena izango dute erkidegoek, gaurko bileran erabaki dutenez.

Hala egitekotan, Gabonetako ospakizunetan hamar lagun baino gutxiago elkartzeko erabakia har dezakete. Bestetik, erkidegoen arteko mugikortasuna mugatzeko aukera izango dute, eta baita abenduaren 24an eta 31an 1:30era arte atzeratu daitekeen etxeratze-agindua aurreratzekoa ere. 

Gaur bertan iragarri du Iñigo Urkullu lehendakariak Gabonen aurretik neurriak gogortzea "aukera bat" dela. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak ere ildo beretik egin du berba Espainiako Kongresuan, eta esan du "adi" jarraitu behar dela, "orain arteko borrokak zentzurik gal ez dezan". 

Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, egubakoitzean egingo dute LABI Aholku Batzordearen bilera, eta bertan hartuko dituzte erabakiak.

Autodiagnosi txertoak,  "ez gomendagarriak"

Medikuaren preskripzioaren bitartez farmazietan eros daitezkeen txertoei buruz Illa ministroak esan du ez direla "gomendagarriak": "Ez dira egokiak eta engainura eraman dezakete". Hori horrela, osasun langileei eskatu die ez ditzatela gisa honetako testak preskribatu. 

Azkenik, Ministroak azpimarratu du Gabonetan ere bakoitzaren esku dagoela norbere burua eta ingurukoena zaintzea, birusaren transmisio komunitarioa etetea helburu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak