Euskara lan munduan sustatzea du helburu proiektuak eta enpresa eta erakundeetan euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen ditu Bikain ziurtagiriak. Paleta bizia leloarekin egin dute gaurko ekitaldia "hizkuntzen kudeaketak duen kolore aniztasuna adierazteko: ahaleginarena, gozamenarena, konpromisoarena, ardurarena".
Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea izan da ekitaldiaren gidari eta Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran ere izan da bertan.
Zupiriak erakunde horiek egindako lana azpimarratu du: "Eguneroko jarduera sozioekonomikoetan, gure eguneroko lan eta antolakuntza-jardueretan euskarak bere lekua izan dezan, elkartez-elkartez, enpresaz-enpresa, erakundez-erakunde zailtasun eta eragozpen askoren gainetik egindako lana, ahalegina eta lorpenak eredugarriak izaten ari dira". Baina aurretik dauden zereginak ere nabarmendu ditu sailburuak: "Gauza asko dago oraindik eginkizun, euskarak lan-munduan dagokion ezarpen eta erabilpen-maila lortu arte".
Hamazazpi ziurtagiri
Hamazazpi erakundek jaso dute Bikain euskararen kalitate ziurtagiria aurten; hamaika pribatuak dira eta sei publikoak. Honako hauek dira :
- Goi-mailako Bikain:
- Bergarako Udala
- Mondragoneko Zentro Korporatiboa.
- Bitoriano Gandiaga Fundazioa
- Artxara
- Eusko Ikaskuntza
- Isladak Aholkularitza Kooperatiba Elkarte Txikia
- Emakunde
- Markina-Xemeingo Udala
- Berbaro
- Erdi-mailako Bikain:
- Armeria Eskola LHII
- Errota Arratiako Garapen Sozioekonomikorako Fundazioa
- Basque Team
- Osatek S.A (Zumarraga)
- Oinarrizko Bikain:
- UPV/EHU (Kimika Fakultatea)
- EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartea
- Tabira Berezi S.L
- Ortuellako Udala