"Jangela beteta izan genuen atzo eta gaurko ere mahai bat baino ez dugu libre"

Jone Olabarria 2020ko abe. 13a, 14:33
Irala kaleko terrazetako irudia, gaur eguerdian ateratakoa.

Aramaio eta Bergara dira ostalaritzari dagokionez, egoera ezberdina bizi duten bailarako bi udalerriren adibide; lehenak itxita izaten jarraitzen ditu herriko ostalaritza establezimenduak, Bergaran aldiz, askok zabaldu dituzte berriz ere ateak. Irekitzeko aukera izanda ere, Elgetan, esaterako, herriko bost tabernatik lauk itxita jarraitzen zuten atzo.

Eguraldia lagun, Bergarako erdialdeko tabernetako terrazak beteta egon dira gaur eguerdian zehar. Ostalaritza establezimenduetako terrazetan zeuden herritarrak "pozik" agertu dira taberna eta jatetxeetara itzuli ahal izan direlako: "Gaur etorri gara lehenengoz eta orain 11:45ak izanda, Bergarako kasuan egoera oso ondo ikusi dugu, momentuz lasai-lasai gaude. Mugikortasun neurri berriak aprobetxatuz atzo Donostian izan ginen eta bertan bai, bertan goraino zeuden kaleak eta terrazak".

"Beteta, baina neurriak errespetatuz"

Atzoko egunean zehar "terrazak beteta bai, baina neurriak errespetatuz" egon zirela aitortu du herritar batek: "Gure kasuan atzorako bazkari bat antolatu genuen taberna batean, eta alde horretatik uste dut ostalaritza establezimenduak nahiko beteta egon zirela, baina neurriak errespetatuz giroa paregabea izan zen".

Hain zuzen ere hori azpimarratu du Sirimiri jatetxeko Ainhoa Romerok ere: "Oso pozik gaude, jangela beteta izan genuen atzo eta gaurko ere mahai bat baino ez dugu libre. Egia da edukiera mugekin erraz betetzen dugula jangela, baina herritarrak gogoz agertu dira eta eskerrak eman nahi dizkiegu".

Gorka Artola alkateak aitortu du herritarrek "gogoz" hartu dutela irekiera, baina instituzioetatik helarazi diren "mezu kontraesankorren arriskua" azpimarratu du: "Beste behin herritar eta tabernariengan erori da neurriak betetzeko erantzukizuna, eta instituzioetatik mezu kontraesankorrak zabaltzea arriskutsua iruditzen zaigu. Bergaran zabalik ditugu baina gertuko hainbat herritan ez, baina aldi berean herri horietatik Bergarara etortzeko aukera dute".

"Tristuraz" jasotako berria

Hain zuzen, ostalaritza ezin zabalduta dagoen herri horietako bat da Aramaio. Ostalaritza itxita izango zutela jakin bezain pronto, eguenean, herriko ostalariei jakinarazi ziela azaldu du Lierni Altuna alkateak: "Baheketa egingo zutela esateko jarri zen Osakidetza gurekin harremanetan eta bide batez jakinarazi zidaten ostalaritza itxita mantendu beharko zela Aramaion. Ezin zabaltzeko argudioa Arrasaterekin dugun gertutasuna izan zen ordua".

Dukiena jatetxeko Edurne Isazelaiak aitortu du "penaz eta tristuraz" bizi izan dutela egoera: "Generoa ekartzen, desinfektatzen, garbitzen... hasi ginen, dena prest izateko. Zalantza askorekin bizi izan dugu; asteazkenean esandakoaren arabera, ulertu genuen  zabaltzeko aukera genuela, hurrengo egunean prentsan irakurri genuen ezetz baina telebistak baietz,...Udalak jakinarazi zigun itxita egon beharko ginela, baina bestelako jakinarazpen ofizialik ez digute bidali".

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak