"Oso pozik gaude", adierazi du Iñaki Peña medikuak, Mendian hil, hirian hil dokumentalaren zuzendari eta gidoigileak, Bilbon egiten dabiltzan Mendi Film Festival-en Euskarazko Film Onenaren saria lortu dutela jakindakoan. "Hainbeste pelikularen artean sartu eta jaialdian parte hartzea bera bakarrik itzela izan da; eta gainera, saria! Gezurra dirudi!", gaineratu du. Gaur, domeka, 19:00etan egingo duten ekitaldian banatuko dituzte aurtengo sariak.
Mendian hil, hirian hil-en arrakasta ez da saria lortzera mugatu. Izan ere pelikularen bi emanaldi egin dituzte Bilboko jaialdiaren barruan, bigarrena atzo bertan, eta bietarako sarrera guztiak agortu dira. Peñak Arteman Komunikazioarekin elkarlanean egin duen dokumentalak dolua eta heriotza lantzen ditu, mendiaren testuinguruan.
Data zehatzik ez duten arren, datozen hilabetetan dokumentala Debagoieneko herrietan erakusteko nahia dutela berretsi du Iñaki Peñak.