Berdinketa lortuta lider jarraitzen du Eskoriatzak

Txomin Madina Milikua 2020ko abe. 12a, 21:00

Sailkapenean bigarrena, Batzarre izan du gaur aurkari Eskoriatzak Manuel Muñoz kiroldegian. Atsedenaldira 2-4 galtzen joan diren arren, bigarren zatian egindako bi golei esker 4-4 berdindu dute Iker Molinaren mutilek.

Hirugarren Mailako zazpigarren jardunaldiko partidua jokatu du gaur Eskoriatzak Manuel Muñoz kiroldegian, nahiz eta denboraldia hasi zenetik jokatutako laugarren partidua izan den. Zenbaki saltsa horren arrazoia da egungo egoeraren ondorioz hiru jardunaldi atzeratu egin behar izan zituztela duela aste batzuk. Kontuak kontu, gaurko partidua eta gero ere eskoriatzarrek lider jarraitzen dute; lider, eta denboraldi honetan behintzat galtzea zer den jakin gabe.

Iker Molinaren mutilek sailkapenean bigarrena den Batzarre talde gasteiztarra hartu dute etxean, eta gauzak ez zaizkie ondo hasi, aurkaria izan da-eta gola egiten lehena. Julen Arregiren golak ekarri die berdinketa etxekoei, eta gero Oier Saenz de Azkunagak egindakoak aurretik jarri ditu. Baina gasteiztarrek gero egindako hiru golekin, 2-4 joan dira atsedenaldira.

Berdinketa, atsedenalditik bueltan

Atsedenalditik indarberrituta irten dira Eskoriatzakoak, eta Jon Ugartek lehenengo eta Jokin Rayok gero egindako golekin 4-4 berdintzea lortu dute. Denboraldiko aurreko hiru garaipenei eta gaurko berdinketari esker hamar punturekin liderrak dira eskoriatzarrak, eta bigarren izaten jarraitzen duen Batzarreri bi puntuko aldea ateratzen segitzen dute.

Norgehiagoka amaitzean, Iker Molinak azaldu du apur bat triste zegoela denboraldi honetan lehen aldiz ez dutelako partidua irabazi, baina baita pozik ere, atsedenaldira 2-4 joan arren berdintzea lortu dutelako. "Atsedenaldian berba egin dugu eta denok batera hau aurrera atera behar genuela esan; lehenengo zatian huts egindako aukerak bigarrenean sartu behar genituela", esan du Molinak eta erasoan oso fin ibili ez direla aitortu arren, "gogor" egon direla gaineratu: "Beste momentu batzuetan 2-4koarekin behera joan zaitezke, baina guk gaur apurka-apurka aurrera egin dugu berdinketa lortu arte".

UDAk eta Mondratek, garaipena

Eskoriatza baino kategoria bat beherago, Euskal Ligan, Denbagoieneko bi taldeek garaipena lortu dute asteburuan: Mondratek 8-2 irabazi dio Uxoari eta UDAk 5-3  Zabalganari.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak