'Goiena 0km gida' berrituta etorriko da

Maialen Santos 2020ko abe. 11a, 13:58

2021era begira Goiena 0km gida berritua prestatu dute Goienan; Debagoieneko negozio eta komertzioekin harremanak estutu eta horiei bultzada ematea da helburu nagusia.

Mireia Larrañaga Goienako zuzendari komertzialak azaldu du 0 kilometro-ko gida izango dela, Goiena ere tokiko hedabidea den heinean bailarako komertzioekin "bat" egin gura izan dutelako eta, hori gutxi balitz, filosofia bera dutelako: "Tokiko hedabideek eta komertzioek elkar elikatzen dugu, eta elkarren beharra dugu aurrera egiteko".

'Minisite'-a, "erakusleiho"

Berritasun gisara, datorren urteko gida lau euskarritan jasota egongo da, eta guztietatik iritsi ahal izango da prestatzen ari diren minisite plataformara. "Plataforma horrek erakusleiho gisako lana egingo du; izan ere, horren bitartez komertzio bakoitzak eskaintzen dituen produktuak ikusi ahal izango ditu bertara sartzen denak", zehaztu du. Horrez gain, gustuko produktuen erreserbak ere egin ahal izango dira, eta dendariekin harremanetan jartzeko modua ere eskainiko du. Gainera, bezeroek produktuen balorazioak emateko aukera ere izango dute.

Larrañagak argitu gura izan du, plataformak berak salmenta-aukera duen arren, komertzioekin kontrastatu dela gaia eta lehentasun handiagoa eman zaiola agerikotasunari eta ez on-line salmentari. "Uste dugu asmatu dela, gainera. Tokikoen balio diferentziala fideltasuna da on line salmenta baino. Sare sozialen gisako tresna izango da minisite-a; hau da, bezeroei produktuak erakusteko aukera eskainiko die merkatariei", argitu du. Dagoeneko on-line salmenta egiten dutenek, hala ere, jarraitu ahal izango dute saltzen 0km gidatik bertatik lotura izango dute-eta.

Gida, lau euskarritan

QR kodeen presentzia "nabarmena" izango da gida berrituan. Batetik, urtero etxe guztietara banatzen den papereko gida onlinearekin lotzeko balioko du horrek. Izan ere, aldizkarian QRak jarriko dituzte eta horrek minisite-ra bideratuko du jendea. Bestetik, Debagoieneko komertzio bakoitzari erakusleihoan itsasteko QR kode bat emango dio Goienak. Bezeroak kode hori eskaneatu, eta plataformara bideratuko dituzte hala. Hori bakarrik ez: Goienaren aplikazioan ere eskuragarri egongo da gida komertziala, eta hortik ere sartu ahal izango da minisite-ra. "Eta aplikazioak emango du aukera dendariari telefonoz zuzenean deitzeko", zehaztu du zuzendari komertzialak. Azkenik, Goiena.eus/gida webgunean sartuta ere kontsultatu ahal izango da plataforma. Abantaila ugari 2021eko gida berritasunekin ez ezik "abantaila ugarirekin" datorrela zehaztu du Larrañagak; izan ere, Goienako hedabide guztietan egongo da gida presente urte osoan: "Horrek balioko du zabalkundea emateko, eta hori ezinbestekoa zaie merkatariei". Hala, aldiko, bezero ezberdinak joango dira nabarmentzen.

Urtarriletik aurrera

Urtarriletik aurrera egongo da erabilgarri Goiena 0km gida. Eta aurreratu du hasierako egunetan bezeroei laguntza emango dietela euren produktuak igotzen joateko. Hortik aurrera, dendariak eurak joan ahalko dira produktuak minisite-ra gehitzen edo bertatik kentzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak