"Ausart jokatu behar dugu Getaferen aurka, ez dugu ezer galtzeko"

Xabi Gorostidi 2020ko abe. 14a, 10:55
Asier Ugarte oñatiarra eta Markel Ilzarbe bergararra, eguaztenean, Txerloia futbol zelaian egindako lan-saioa hasi aurretik. (Argazkia: Asier Ugarte)

Urte luzez futbolean jokatzen aritu ostean, "amets bat" biziko dute eguenean Anaitasuna taldeko bi debagoiendarrek: Asier Ugarte oñatiarrak eta Markel Ilzarbe bergararrak, hain justu. Lehen Mailako Getafe taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak, Errege Kopako lehen kanporaketan. Hitzordua: Azkoitiko Txerloia futbol zelaian, 19:00etan.

Errege Kopa txapelketak badu magia berezia, bi arrazoirengatik, nagusiki: Hirugarren Mailan jokatzen duten futbolariei maila goreneko profesionalen aurka lehiatzeko aukera ematen dielako eta partidu bakarreko kanporaketetan Davidek Goliath menderatzen duelako sarri. Hirugarren Mailan jokatzen duen Anaitasunak pribilegio hori biziko du datorren eguenean Lehen Mailako Getaferen aurka jokatuko baitu Errege Kopako lehen kanporaketa Azkoitin. Taldeko bi debagoiendarren inpresioak jaso ditu GOIENAk, partidu historiko horren ataritan.

Nola dago Anaitasuna? Getaferi hortzak erakusteko gertu?

Asier: Batez ere, ilusioz. Taldeko ia guztientzat izango da Lehen Mailako talde baten aurka jokatzen dugun lehen aldia, eta bakarra. Eguna heltzeko gogoz gaude, baina argi dugu gure lehentasuna liga dela: Hirugarren Mailan mantentzeko egiten dugu lan, eta Getaferen aurretik ligako partidu garrantzitsua dugu asteburuan.

Markel: Guretzat kristoren saria da. Bizitza osoa daramagu futbolean jokatzen, eta halako partidu bat jokatu ahal izatea honaino egindako lanaren sari bezala sentitzen dut nik. Presiorik gabe jokatuko dugu, eta ilusioz gainezka.

Nola zabiltzate partidu berezi hori prestatzen?

Asier: Ez gara partidua aztertzen hasi oraindik. Partiduz partidu goaz unean uneko aurkaria aztertzen, eta Getaferen aurretik San Ignacioren bisita izango dugu domekan, etxean.

Markel: Opari honek ez digu gure helburu nagusia ahantzarazi: taldea Hirugarren Mailan mantentzea. Beraz, asteburuko partidua jokatu ostean, hiru egun izango ditugu Getaferen aurkako lehia ahalik eta hoberen prestatzeko.

Irakurri dudanez, zuen taldekide bat aritu izan zen duela urte batzuk Bordalas prestatzailearen aginduetara lanean, Alavesen. Lagundu dezake estrategia eraginkorra prestatzen?

Markel: Egia da Jon Aranda taldekideak Bordalas izan zuela entrenatzaile; baina duela urte asko izan zen hori, eta ez dut uste orain askorako balioko digunik. Baina balio badezake, hori bai, ongi etorri.

Asier: Ez dut uste. Baina Getafe ligan nahiko kaxkar dabil, eta une honetan Errege Kopa ez da euren lehentasuna izango. Agian, horrek lagun gaitzake.

Getafe ez zen amesten zenuten aurkaria. Zein zen zuen faboritoa?

Markel: Reala, Athletic, Real Madril eta Bartzelona ezin zitzaizkigun egokitu; beraz, Sevilla, Atletico Madril eta Vila-real ziren niretzako erakargarrienak.

Asier: Niretzat ere bai. Horiei guztiei Osasuna gehituko nieke, betidanik gustatu zait eta.

Partidu bakarrera izanda, zer egin beharko duzue bereziki ondo Getaferi irabazteko?

Asier: Oso elkartuta jokatzea da gakoetako bat; gure artean asko hitz eginez. Eta, batez ere, ausart jokatu behar dugu: bai baloiak borrokatzeko orduan, eta baita erasoan ari garenean ere. Hori bai, aukeran edukiko ditugun baloi apur horietan, bestalde, pazientzia eduki beharko dugu, gure jokatzeko modua hori baita.


Asier Ugarte, besarkatuta dauden taldekideengana hurbiltzen, gol bat ospatzeko.

Markel: Asko gustatzen zait futbolean jokatzea, baina futbola bera ez dut askorik jarraitzen; eta, egia badiotsut, oso gutxi dakit Getaferi buruz. Reala jarraitzen dut, eta justu-justu. Baina halako maila duen talde baten aurka dena egin beharko dugu ondo, eta eurek egun makala edukitzea itxaron. Bestela...

Getafeko zein jokalariren kamiseta eramango zenuke etxera?

Asier: Zaila da aukeratzea, ez baitut inor bereziki gustuko. Bat esatearren... Angel, aurrelaria; edo Djene defentsa.

Markel: Ez zait bat ere burura etortzen, baina ilusioa egingo lidake kamiseta bat etxera eramateak; partidu berezi honen oroigarri polita izango litzateke.

Fama txarra du Getafek, batez ere, aurkarien alderdi psikologikoa ahultzen trebeak direlako. Zer egin dezakezue euren amua ez jateko?

Asier: Espero dut jarrera horrekin ez etortzea. Baina hala badatoz, onena, kasurik ez egitea; probokazioetan sartu gabe.

Markel: Fisikoki gogor jokatzen duen taldea da eta balekoa dela uste dut. Gure kategorian, esaterako, oso garrantzitsua da futbolaren aspektu hori. Baina, fisikoaz gain, gu baino askoz hobeagoak dira teknikoki, eta, partidu gogorra izango den arren, alde teknikotik ahaleginduko dira partidua irabazten.


Ugarte eta Ilzarbe, Anaitasuna taldeko presidentearekin. 

Zango-babesak –espinillerak– prest?

Markel: Kar-kar-kar. Txantxa bezala aipatu zuten hitz hori, eta komunikabideek ikaragarri hauspotu dute. Nik betiko zango-babesak erabiliko ditut.

Asier: Prest ditut, bai. Agian, aluminiozko takoak zorroztuko ditut... Kar, kar, kar.

Irabaziz gero ilea horiz tindatzea edo antzerakorik adostu duzue?

Asier: Ez dugu halakorik komentatu; nik dakidala, behintzat. Baina ederto ospatuko dugula ziurtzat jo dezakezu.

Markel: Ez. Baina hori eginez gero, guk irabaziko dugula bermatzen badidazu, orain bertan egingo nuke.

Demagun 1-0 irabazten duzuela zuk sartutako gol bati esker. Nolako gola amesten duzu?

Asier: Lagunek galdetu didate: "Atezainaren aurrean geldituz gero, zer egingo duzu?". Argi dut: baloia loratuko dut.

Markel: Azken minutuan sartutakoa izango litzateke. Nola? Berdin dit... Ipurdiarekin sartuta ere, ni poz-pozik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak