Biltegiak hustu, otarreak produzitzen jarraitzeko

Karmele Uribesalgo 2020ko abe. 11a, 10:56

Argazkia: Aspace Arrasate

Aspaceko kideek zumezko otarreak egiten dituzte, baina azken hilabeteetan salmentak jaitsi egin dira, eta ale gehiegi dauzkate biltegian. Hori dela eta, azpimarratu dute beharrezkoa zaiela eskuz egiten dituzten otarreak saltzea.

Zumezko otarreak egiten dituzte Aspacek Gipuzkoan dituen bederatzi eguneko zentroetan. Garuneko paralisiaren elkartea da, eta egoitzak ditu Arrasaten eta Bergaran. Pandemia dela eta, denbora batez itxita egon dira zentroak, eta ezin izan dituzte egindako produktu horiek saldu. Ondorioz, biltegia beteta daukate, eta, horri irtenbidea emateko, euren lanak ezagutarazten ari dira. Izan ere, biltegiratuta daukaten materiala saldu ezean, gelditu egin beharko dute produkzioa.

Maite Otxoa Aspace Arrasateko eguneko zentroko hezitzailea da, eta, azaldu duenez, orain arte egindako otarreak saltzea komeni zaie: "Tristea da ikustea egindako lanak ez direla jendearengana iristen, eta, gainera, denborarekin, hainbat otarre hondatu egiten dira".

Otxoak adierazi du normalizaziorako ekimen moduan jarri zutela martxan zumezko otarreak egiteko proiektua. "Erabiltzaileen bizitzei edukia emateko lan jarduera bat da; modu horretara erabilgarri sentitzen dira, eta euren lana baloratu egiten dela nabari dute", adierazi du Otxoak. Gaitasunen arabera, nork bere ardura dauka taldean, eta, era horretara, erabiltzaile guztiak dira amaierako emaitzaren egile. "Parte hartzea eta talde bateko kide direla sentiaraztea da gure filosofiaren oinarrietako bat", nabarmendu du Otxoak. Izan ere, taldeko partaide bakoitzari transmititu nahi diote bera ere garrantzitsua eta beharrezkoa dela.

Askotariko eskulanak

Mota askotariko otarreak egiten dituzte Aspacen; besteak beste, komunerako erretiluak, ahozapitakoak edo bestelako saskiak fabrikatzen dituzte, eskuz. Behin eginda, kalitatekontrola pasatu, eta salgai jartzen dituzte. Supermerkatuetan eta azoketan saldu ohi dituzte ekoitzitako produktuak, eta partikularrek ere izaten dute eskuratzeko aukera.

Horrez gain, zentro bakoitzaren sarreran erakusgai izaten dituzte otarreak, eta Aspacerekin harremanetan jarrita erosi daitezke. "Katalogo bat daukagu, eta interesa daukatenek gure zentroetara deitu dezakete interesatzen zaizkien modeloak eskatzeko", zehaztu du Otxoak. Hemen dago ikusgai katalogoa. Aspacetik herritarrak animatu dituzte euren ekarpena egitera eta saskiak eskuratzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak