"Hunkituta gaude kultur zaleen aldetik jaso dugun erantzunarekin, ikaragarria da jaso dugun taupada" azaldu dute Gerediaga elkarteko arduradunek, gaur eguerdian egindako balorazio prentsaurrekoan. Langileen txandak bikoiztu behar izan dituztela adierazi dute; paketeak egiteko kutxa gehiago eskatu behar izan ziren eta garraiolarien bidaiak ere areagotu dira. "Zaila izan da baldintza hauetan Azoka antolatzea, erronka handia izan guretzat, baina jasotako erantzunak erakutsi digu esfortzuak merezi izan duela".
Abenduaren 4tik 8ra arte 7800 erosketa egin dira Azokako webguneko online dendan. Guztira, 27.758 produktu erosi dira: 15.577 liburu, 7.036 musika-produktu eta 5145 bestelakoak. Batezbeste, erosle bakoitzak 53 euroko gastua egin du, eta 3’5 produktu erosi. Abenduaren 8a, azken eguna, izan zen egunik oparoena salerosketen aldetik. Arantza Atutxaren berbetan, asko izan dira egun hauetan agortu diren produktuak eta hainbat sortzaile, argitaletxe eta diskoetxe gerturatu behar izan dira produktu gehiago ekartzeko.
Egitarauak, "jarraipen zabala"
Zera adierazi dute, egitarauak eduki duen jarraipen mailari buruz: "Durangon 100 kultur ekitaldi baino gehiago antolatu dira azken bost egunetan, eta, guztira, aurrez aurre, 2600 lagun baino gehiago izan ditugu ekitaldiez gozatzen". Plateruenako diskoen aurkezpenak eta Landako Guneko jarduerak streaming bidez eskaini dira Azokako webgunetik eta hainbat hedabideetako kanaletatik. Guztira 43.500 lagunek jarraitu dituzte ekitaldiak streaming bidez. Jarraitzaile gehienak Euskal Herrikoak izan badira ere, badira Mexikotik, Argentinatik edo Amerikako Estatu Batuetatik streaming-era konektatu direnak ere.
Zu non, han DA! egitasmoaren baitan ere, kontzertuak antolatu dira Euskal Herriko zortzi udalerritan: Amurrio, Atarrabia, Azpeitia, Bermeo, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Ondarroa. 32 taldek parte hartu dute bira berezi honetan, eta kontzertu gehienetan sarrera guztiak agortu dira. Guztira, 3200 lagun gerturatu dira aurrez aurreko kontzertu hauetara.