Nerea Mujikak dio Azoka Telebista inoiz baino "beharrezkoagoa" dela. Hala ikusten duzu zuk ere?
Azoka Telebistaren helburua azokan gertatzen dena kanpora zabaltzea da, eta aurten, duda barik, oso garrantzitsuagoa da Azoka Telebistaren lana.
EITBk eta Azoka Telebistak elkarlanean jardungo duzue; zelan gauzatuko da hori?
Bi plaza izango ditu Azokak aurten: Landako gunea eta Plateruena. Ahotsenea guneak antolatutako kontzertuak izango dira Plateruenan, EITBk jasoko ditu horiek, eta Landako gunean egunero, 10:30etik 21:00ak bitartean, programatu dituzten ekitaldi guztiak, hau da, gune guztiek antolatu dituztenak jasoko ditu Azoka Telebistak.
Horrez gain, Azoka Telebistako eta EITBko lantalde bana egongo da, egunero, ordu erdi iraungo duen eta TaupaDa izeneko magazin formatua duen saio bat ekoizteko.
Ekitaldi horiek guztiak non ikusi ahalko dira?
Bi streaming kanal jarri ditugu Durangokoazoka.eus atarian; horrez gain, tokiko hainbat euskal hedabideren atarietan ere eskainiko dira ekitaldiok; gure eskualdean, adibidez, Goiena.eus-en izango dira.
Hori guztia gauzatu ahal izateko, hilabete askotako lana dago atzetik.
Hala da, bai; urte osoan zehar bilera asko egiten ditugu, eta azkeneko hilabetetan, bereziki, gehiagotan biltzen gara. Gerediaga elkartearekin elkarlanean Azoka Telebistaren hastapenetatik ari da Goiena.
Esfortzu handiagoa egin da aurten; zenbat lagun ibiliko zarete Azoka Telebistan egunotan lanean?
Hamaika laguneko lantaldea Goienari dagokionez, eta EITBk beste lantalde bat izango du. Eten barik egongo gara aurrez aipatutako bi guneetan izango diren ekitaldiak grabatzen eta bestelako saioak ekoizten.
Zer izango da gaur ikusgai?
Ikasleen Goiza da, eta Oihan Vegak eta Oizeder Mayok gidatuko duten ordubeteko saioa egingo dugu, 11:00etan. Erika Elizari eta Aitor Arana idazleak eta Iratxe Agilera, Kai Nakai eta Liher taldeko musikariak izango dira. 18:00etan, inaugurazio ekitaldia eskainiko dugu, eta Kai Nakai-ren kontzertua 19:30ean.