Beste korapilo bat hauteskundeei begira

Xabier Urtzelai 2020ko abe. 4a, 09:11
Adrian Merino eta Manu Diaz.

Gipuzkoako Futbol Federazioko hauteskundeak egingo dituzte abenduaren 14an, baina Adrian Merinok atzera egitea erabaki du aste barruan, eta haren plataformak, Gipuzkoa: Denon Joko Zelaia-k Jose Luis Colina izendatu du ordezko moduan. Hauteskunde Batzordeak, baina, eguazten iluntzean berretsi zuen hautagaiak Manu Diaz eta Adrian Merino direla.

Azaroaren 23an egin behar zituzten hauteskundeak atzeratu eta gero, bazirudien tregoa-egun batzuk izango zirela Gipuzkoako Futbol Federazioaren bueltan, baina ez. Hauteskundeak egiteko egun berria aukeratzearekin batera –abenduaren 14a–, aste barruan ostera ere albisteak pilatu dira bata bestearen jarraian.

Izan ere, Adrian Merinok Gipuzkoa: denon joko zelaia hautagaitzaren buru izateari uko egin dio aste barruan –martitzena– eta bere plataformak prentsa ohar bidez jakinarazi zuen Jesus Colina zela ordezkoa.

Merinok atzera egitea erabaki du

Gipuzkoa: denon joko zelaia plataformako hautagai Adrian Merinok (Aretxabaleta, 1985) aste barruan erabaki du atzera egin eta hauteskundeetara ez aurkeztea. "Arrazoi pertsonal eta profesionalak" izan dira erabakia hartzera eraman dutenak, eta GOIENAren deiaren aurrean oraingoz gehiago esatekorik ez duela gaineratu du. Hala, prentsa oharrean adierazitakoaren arabera, Adrian Merinok bere plataformarekin elkarlanean jarraituko du, eta Jose Luis Colinak bere babes osoa du.

Manu Diaz: "Adar-jotzea da"

Garai berriak plataformako ordezkariek, baina, garbi zuten hauteskundeen araudiko 51. artikuluak ez duela halakorik baimentzen; alegia, hautagaiak behin aurkeztuta ezin direla aldatu. Hala, Hauteskunde Batzordeari kontsulta egin eta gero, eguazten iluntzean batzartu ziren eta adierazi zuten gaurgaurkoz hauteskundetarako bi hautagaiak Manu Diaz eta Adrian Merino direla. "Txapuza hutsa da hau guztia, adar-jotzea", adierazi dio GOIENAri Manu Diazek. "Bagenekien hauteskunde araudiak ez duela halakorik onartzen. Araudiak dio Adrian ofizialki erretiratzen bada hautagaitza osoa erretiratuko litzatekeela, eta Jose Luis Larreak ez dio halakorik onartuko. Susmoa daukat, bi hautagaiak harremanak bideratzeko keinuak egiten hasita geunden honetan, Federazioko lehengo ordezkariei horrek ez diela graziarik egin, eta horiek dira Adrianen kanpaina egin dutenak. Normala da gogaituta amaitu izana", adierazi du Diazek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak