Udalen Foru Funtsa %7,3 jaitsiko da Debagoienean

Xabi Gorostidi 2020ko aza. 27a, 11:49
(Irudia: Pixabay)

Zerga-bilketa %20 jaistea aurreikusi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak uztailean, baina, urriko azken datuen arabera, %12,55 jaitsiko da. Hala, udalek jasotzen duten Foru Funtsa ez da aurreikusi bezain beste jaitsiko; Debagoienean %7,29, batez beste.

Gipuzkoako Foru Aldundiak uztailean emandako datuen arabera, zerga-bilketan %19,9 gutxiago jasotzea espero zuten, 2019ko hilabete berarekin alderatuta; 456 milioi euro gutxiago, hain justu. Estimazio horiek ikusita, aurreikusi zitekeen udalen aurrekontuetan jaitsierak egongo zirela. Aldundiek ematen dituzten Udalak Finantzatzeko Foru Funtsak (UFFF) udalen aurrekontuen zati handi bat dira, eta, zerga-bilketa adina jaitsiz gero, udalen aurrekontuetan eragina nabaria izango litzateke. Baina uztailetik hona zerga-bilketa estimazioak hobera egin du. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eudelek osatzen duten Gipuzkoako Finantzen Kontseiluak urriaren 19an kaleratutako txostenaren arabera, Gipuzkoako zerga bilketa %12,55 jaitsiko da, uztaileko datua baino %7,44 gutxiago.

Foru Funtsak 2021erako

Txosten horretan zehazten ziren ere 2021ean udalek jasoko dituzten Foru Funtsak zenbatekoak izango diren:

  • Arrasaten, 14.786.655 euro, 2020an baino %7,6 gutxiago
  • Bergaran, 9.827.566 euro, 2020an baino %7,21 gutxiago
  • Oñatin, 7.656.624 euro, 2020an baino %7,20 gutxiago
  • Aretxabaletan, 4.788.686 euro, 2020an baino %5,53 gutxiago
  • Eskoriatzan, 2.731.743 euro, 2020an baino %8,15 gutxiago
  • Antzuolan, 1.417.793 euro, 2020an baino %7,97 gutxiago
  • Elgetan, 763.642 euro, 2020an baino %7,51 gutxiago
  • Leintz Gatzagan, 227.521 euro, 2020an baino %4,76 gutxiago
  • Aramaioren kasuan, 798.154 euro jasoko ditu Arabako Foru Aldunditik, 2020an baino %9,75 euro gutxiago.

Bederatzi udalerrien batez bestekoa eginez gero, %7,29 gutxiago jasoko dute 2021ean.

Soberakinak eta zorpetzea

Soberakinak baliatzeko eta zorpetzeko aukera ematen du Finantza Kontseiluaren gastu-arauak, eta bide horiek erabiliko dituzte bailarako herri nagusiek. Gertu dituzte 2021erako udal aurrekontu aurreikuspenak ere: Arrasaten, 35.852.466 euro; Oñatin, 16.587.383 euro; Aretxabaletan, 9.500.000 euroren bueltan; eta Bergaran %10 inguru murriztea aurreikusten dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak